Adosen eskuz binakako finalerdiak asteburuan jokatuko dituzte Beasainen eta Legazpin

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 20a

Asteburu honetan Beasainen eta Legazpin jokatuko dituzten Adosen binakako txapelketako finalerdiak aurkeztu zituzten asteazkenean Beasainen. Argazkian, Beasaingo jaialdiko pilotariak.

Asteazkenean aurkeztu zituzten Beasaingo Antzizar pilotalekuan Ados elkartearen eskuz binakako pilota txapelketako finalerdiak, udal ordezkarien eta jardunaldietako pilotari protagonisten parte-hartzearekin. Liga fasea bukatu ondotik ailegatu da txapelketako une erabakigarria.

Larunbat arratsaldean Beasainen jokatuko den promozio mailako finalerdian, Iraide Iriarte sunbildarra eta Alize Sagardui goizuetarra izanen dira aurrez aurre eta lehen mailakoan, Iturriaga leitzarra ariko da

Aurkezpenean nabarmendu denez, asteburu honetan jokatuko diren finalerdiek ikusmin handia piztu dute, txapelketaren azken txanpari hasiera emango baitiote. Lehen hitzordua larunbatean izango da, martxoaren 21ean, 17:30ean, Beasaingo Antzizar pilotalekuan. Bertan, binakako Txapelketako bi finalerdi jokatuko dira. Lehen norgehiagokan, promozio mailan, Iraide Iriarte sunbildarra eta Ernaga, Alize Sagardui goizuetarraren eta Etxeberriaren kontra rik dira. Bigarren finalerdia, berriz, lehen mailakoan, aurrez aurre izango dira Iturriaga leitzarra eta Orbegozo eta R. L. Mujika eta O. R. Larramendi izeba-ilobak.

Promozio mailan, nahiz eta liga faseko elkarren aurkako partiduetan Sagardui-Etxeberria bikotea atera den garaile lehia estua aurreikusten da. Iriarte-Ernaga bikoteak erregulartasuna falta izan du txapelketan baina barrenean duten guztia ateratzeko gai badira bikote orekatua eta handia osatzen dute. Sagardui-Etxeberriaren kasuan, Alizek beste abiadura bat ematen dio pilotari eta bere erritmoan jokatzera behartzen baditu aurkariek asko sufrituko dute. Horri, Ainitzek txapelketan zehar erakutsi duen sendotasuna gehitu behar zaio. Finalerdiko irabazleek, ligaxkan nagusi izan diren Arruti eta Dunixe Alberro iturendarra izanen dituzte esperoan martxoaren 27an Azpeitian jokatuko den finalean.

Lehen mailako finalerdian, aldiz, faborito Iturriaga-Orbegozo bikotea aterako da. Liga fase bikaina osatu dute, lidergoan bukatuz, jokatutako 10 partiduetatik 8 irabaziz. Bereziki aipagarria izan da bikote bezala erakutsi duten defentsa, aurkariak tantoa egiteko lan eskerga egitera behartuz. Dena den, izeba-ilobek azken jardunaldietan eman dute mailarik onena eta bikote bezala funtzionatzen duenean aurkari arriskutsuak dira. Olatzen golpea edozein atzelariren aurrean gailentzen da eta Maitek hori batez ere bolearekin min handia egiteko baliatu dezake.

Lehen mailako bigarren finalerdia igandean Legazpin

Asteburuko bigarren hitzordua igandean Legazpin izango da, eta esanahi berezia izango du, Urbeltz pilotalekuaren berrirekierarekin bat egingo baitu emakumezkoen pilotari eskainitako jardunaldi berezi batekin. Legazpiko egitaraua 15:45ean hasiko da, bertako pilotariek protagonismoa izango duten partidekin. Herriko pilotari gazteek eta inguruko jokalariek osatutako bikoteek hartuko dute kantxa, eta ondoren, 17:00etatik aurrera, jardunaldiko ekitaldi nagusia jokatuko da: emakumezkoen txapelketa profesionaleko finalaurrekoa. Neurketa horretan aurrez aurre ariko dira Barrokal - Perez eta Oskoz - Arrastia bikoteak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun