«Ezkontza egunean gure nortasunari eutsi beharko genioke»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 22a

Iraia Oiartzabal eta Ane Areitio.

Iraia OIARTZABAL eta Ane AREITIO, Getary atelierra.

Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok duela bost urte jarri zuten martxan Getary atelierra. Ezkongaientzako eta gonbidatuentzako neurrira egindako jantziak sortzen dituzte, puntadaz puntada ilusioei forma emanaz. 

Ezkontza eguneko jantzia azala bada, mamiaren erakusle izatea nahi dute: «bezero bakoitza da mundu bat eta janzkerak horren erakusle izan beharko luke». Argi diote: «Ezkontza egunean norbere nortasunari, esentziari, eutsi beharko genioke». Horregatik, jantzi pertsonalizatuak egiten dituzte: «Bezero bakoitza proiektu berri bat da, hutsetik hasten dena, eta elkarrekin, pausoz pauso osatzen duguna».

Beraien negozio ereduan oso presente dute lan egiteko modu hori: «gure ezkongaiek izen-abizenak dituzte. Ez dira zenbaki hutsak. Kupo bat daukagu eta kupo hortara iristen garenean ez ditugu bezero gehiago hartzen. Oso fidelak gara horrekin». Getaryn sartzea «etxean sartzearen parekoa» izatea nahi dute: «hurbiltasun hori eskaintzen saiatzen gara». Badakite momentu berezia dela bezeroarentzat: «Neurrira egindako soinekoak ez dira bizitzan askotan egiten eta ezkontzako soinekoak badu esanahi berezi bat, urduri etorri ohi dira. Gure helburua da giro goxoa sortzea».

Atelier txiki bat da Getary eta agenda betea izaten dute: «Urtebeteko aurrerapenarekin lan egiten dugu eta bezero bakoitzari behar duen denbora eskaintzen diogu.Hilabete luzetako lana izaten da». Telefonoz egin ohi dute lehenbiziko hartu-emana: «gure lan egiteko modua zein den azaltzen diegu. Eginda dauden soinekoak probatu nahi dituena alferrik etorriko da guregana. Soinekoa elkarrekin egitea da, zerotik hasita, hemen eskaintzen duguna».

Hitz bakarrean bildu dute prozesu guztiaren muina: «Konfiantza izatea da gakoa. Gurekin lan egitea erabakitzen dutenean, ikusi eta ukitu ezin duten soineko bat erosten ari dira. Prozesua bizi nahi izatea eta emaitzan sinestea ezinbestekoa da». Behin hori azalduta, elkar ezagutzeko lehenbiziko hitzordua egiten dute: «Ezkongaiaren pertsonalitatea identifikatzea da gure lana, gero jantzian hori irudikatu eta eroso sentitu dadin». Badakite batzuentzat balekoa dena, ez dela hala besteentzat eta horregatik mezu argia ematen diete ezkongaiei: «Mesedez egun horretan ez asmatu ezer. Zure nortasuna ez estali eta eutsi zure izateko erari». Horretara iristeko, bezeroak esaten duenak bezainbesteko garrantzia du beraien begi trebeak ikusten duenak: «analisi on bat egitea oso garrantzitsua da».

Aurreneko hitzordu horretan bildutakoak abiapuntutzat hartu eta lehenbiziko marrazkia egiten dute. Bezeroak proposamena onartuz gero, hurrengo pausoa oihaleko proba egitea izaten da: «Gorputzaren gainean hasten da sorkuntza prozesua eta probaz proba eta erabakiak elkarrekin hartuz osatuko da soinekoa. Guretzat polita da orri zuria gorputz bilakatu eta jantzia nola doan osatzen ikustea». Eta ongi egindako lanaren ordaina ere ikusten dute: «Ezkongai batek soinekoa jantzi, ispilu aurrean jarri eta irribarrea ezin badu ezkutatu, gauzak ongi egin ditugunaren seinalea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun