Bada, horretan aditua eta aritua da Lasarteko Noaoa Bidaiak agentzia. Denetariko bidaiak antolatzen dituzte, baina azken urteetan ezkonbidaietan espezializatu dira. Ezkontzak antolatzeko erabiltzen den Bodas.net atarian agentzia onenaren saria irabazia dute hamabigarren aldiz eta 234 bikoteren iritziak bilduak dituzte bertan.
Hamasei urteko esperientzia du agentziak bidaiak antolatzen eta bizitza aldatu den eran, bidaiatzeko modua ere aldatu dela uste du Garbiñe Martijak. Horregatik, une oro «egokitzen» aritzen dira. Agentziaren lana bilaketak egitea baino gehiago da haren ustetan: «Gure balio erantsia gure jakinduria da. Guk ere asko bidaiatzen dugu, eta horrek jakinduria ematen digu bezeroa aholkatzerako eta bidaia prestatzeko orduan».
Internet hain presente dagoen garaian, argi dute «guk ezin dugula horrekin lehiatu». Horregatik, bertzelako balioa eta ezaugarriak eman behar dizkiote beren lanari: «Gure jakinduriak lasaitasuna eta segurtasuna ematen die bezeroei», nabarmendu du.
Ezkonbidaien kasuan, ezkontideek bidaia antolatzeko orduan bultzada bat behar izaten dutela dioMartijak. «Gaur egun jendeak dagoeneko bidaiatu du aurretik, baina, ezkonbidaia berezia da duen konnotazioagatik eta betirako oroituko duzun bidaia delako». Ezkontza antolatzeak, gainera, lan asko eskatzen du, «ezkontideek askotan ez dute denborarik izaten, horrelako bidaia bat antolatzerakoan kontu asko itxi behar dira eta denbora behar da dena ongi ateratzeko».
Neurrian egindako bidaia
Pandemiaz geroztik, aurretiazko hitzorduarekin bakarrik egiten dute lan, bezeroari «kalitatezko zerbitzua emateko» eta bezeroaren nahiak aditu eta horren arabera antolatzen dituzte bidaiak: «Batzuk Kanariar Uharteetara joango dira, eta beste batzuk Japoniara. Guretzat garrantzitsuena bikote bakoitzaren beharrak zein diren ikusi eta horietara egokitzea da», nabarmendu du Martijak. Horretarako, bezero bakoitzaren nahietara eta errekurtsoetara egokitzen dira: «Bidaia antolatzeko ez dago aurrekontu finkorik, 1.000 euro edo 10.000 euro gastatu beraientzat garrantzia berdina du bidaiak eta guretzat ere bai. Beraien bidaia da, eta ulertu behar da zein den bakoitzaren aurrekontua».
Denbora ere aldagai garrantzitsua izaten da bidaia antolatzeko orduan, bidaia zenbat eta lehenago antolatu, orduan eta prezio hobeak eta aukera gehiago izaten direlako. Horregatik, Martijaren aholkua bidaia ahalik eta lasterren antolatzean hastea da. Hala ere, denboraz larri ibilita ere, antolatu daitekeela dio: «Baina kontuan izan behar da prezioetan gehigarriak egoten direla eta alojamendu batzuk beteak egon daitezkeela».
Ezkonbidaiak ahalik eta hobekien atera daitezen lanean aritzen dira Noaoan eta argi diote zer den beraientzat pozgarriena: «Bidaia bukatzean dena ongi atera dela jakitea».