Alde batetik, guttieneko pentsioak guttieneko soldatarekin parekatzeko eskakizuna eta guttieneko soldata propio baten aldeko aldarria hartu zituzten hizpide asteleheneko hitzorduan, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «zokoratu» izana kritikatu zuten.
Atzoko greba eguna ere gogoan izan zuten, eta Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaz ere aritu ziren, «mundu guziaren aitzinean eredugarri izan zen Gasteizko langileen ekimena» txalotuz. Aldi berean, gertatutakoa salatu zuten: «Orduan oldartzen zirenak orain ere oldartzen dira. Orduan harrokeriaz eta langile klaseari mespretxuz egiten zieten, eta orain gobernuetako arduradunek eta patronalek berdin jokatzen dute, harrokeriaz eta baztertuz».
Zaintza, osasun arreta eta justizia sozialaren aldeko gaiekin «elkarlanean» segitzen dutela ere oroitarazi zuten, eta Euskal Herriak NATOri ezetz erran zionetik 40 urte pasatu direla ere aipatu zuten: «Orain 40 urte Euskal Herriak, erreferendum bidez, NATOn sartzeari ezetz erran zion. Gaur, oraindik ozenago erraten diogu armen ahotsari ez. NATO ez! Gatazkak konpontzeko gatazka handiagoa sortzeari ez! Eta inork ez dezala justifikatu bide militarra Euskal Herriaren izenean, herri onek ezetz erran zuelako, eta ezetz erraten segitzen dugulako!».
Palestina, Kuba, Venezuela, Sahara, Iran eta «mehatxupean dauden gainerako herri guzien askatasuna» ere aldarrikatu zuten pentsiodunek, baita elkartasuna adierazi ere. Eta hurbilago etorrita, «Korrikan, Aroztegiko auzipetuen aldeko elkartasun ekimenetan eta apirilaren 5eko Aberri Egunean» parte hartzeko deia egin zuten.