Martxoaren 17ko greba orokorra

Guttieneko soldata propioaren alde karrikara atera da eskualdeko jendea

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 18a

Goizean joan-etorri nagusiak blokeatu zituzten eta elkarretaratzeak eta kotxe karabanak antolatu zituzten herrika. Ondotik Iruñeko manifestazioan parte hartzera joan ziren eskualdeko langileak. Arratsaldean, berriz, 500 bat lagun bildu ziren Baztan-Bidasoko mobilizazioan Donezteben eta 250 bat Leitzan.

«Guttieneko soldata propioaren eta bizitza duinen alde» ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek atzo deitutako greba orokorrak parte hartze altua izan zuen eskualdean. Sindikatuek oraindik balorazio orokorrik egin ez badute ere, komertzioei dagokienez, denda ugarik itxi zuten Beran, Lesakan, Donezteben eta Baztanen. Leitzan ere «balorazio positiboa» egin dute, «herria geldirik». Industriari dagokionez, Beran adibidez, Funbera itxi zuten eta MMI egur enpresako hiru lantegietatik bik erabat gelditu zuten produkzioa.

Greba hezkuntzan

Hezkuntzan batez ere jarraipen handia izan zuen, LABen arabera, «ikastoletan gehienak greba egin zuten». Lekarozko institutuan langileen % 56,41ak egin zuen greba, Berako Toki Onan % 63,52ak eta Elizondo Lanbide Eskolan langileen % 76,6ak. Baztango herrietako zenbait eskoletako datuak:

  • Almandoz: Lau langiletik denak greban, zuzendaria zerbitzu minimoetan. 17 ikasletik 14 joan ziren.
  • Amaiur: Sei langiletik denak greban, zuzendaria zerbitzu minimoetan. Ez zen ikaslerik joan.
  • Arizkun: Zazpi langiletik denak greban. Ez zen ikaslerik joan.
  • Arraioz: Sei langiletik hiru greban, bik grebarik ez eta zuzendaria zerbitzu minimoetan. Ez zen ikaslerik joan.
  • Azpilkueta: Ez zen grebalaririk izan. 23 ikasletik 18 joan ziren.
  • Erratzu: Sei langiletik denak greban, zerbitzu minimoetan. Sei ikasle joan ziren.
  • Gartzain: Ez zen grebalaririk izan. 22 ikasletik 14 joan ziren.
  • Irurita: Sei langile greban, lau zerbitzu minimoetan. 14 ikasle joan ziren.
  • Lekaroz: Langile bat greban eta bi zerbitzu minimoetan. Bi ikasle joan ziren.
  • Oronoz-Mugairi: Sei langiletik hiru greban, bik grebarik ez eta zuzendaria zerbitzu minimoetan. Hiru ikasle joan ziren.

Horrez gain, Urdazubi-Zugarramurdiko eskolan 10 langiletik lauk egin zuten greba eta 16 ikasle joan ziren.

Elkarretaratzea Donezteben

Arratsaldean Baztan-Bidasoko mobilizazioa egin zuten Donezteben eta 500 bat lagun bildu ziren. Sindikatuek aldarrikatu zutenez, «mundua hankaz gora dago, joera autoritarioak eta faxistak goraka, gerra inperialistak hedatzen eta prekarietatea areagotzen. Aberastasuna modu injustuan banatua da eta horrek geroz eta gehiago pobretzen eta prekarizatzen gaitu».

Baztan-Bidasoan «argi ikus ditzakegu honen adibideak: fabrikak langilez hustu dituzte, izan Legasako Arcelorren itxiera edota Lesakako fabrikaren gainbehera. Hirugarren sektorean herritarron eskubide diren zerbitzu horiek hiriburuetara eramaten ari dira eta bertan gelditzen garenon lan eta bizi baldintzak geroz eta gehiago prekarizatzen ari dira. Eskualdeko zahar egoitzetan eta zaintza zerbitzuetan prekarietatea da egunerokoa. Enpresa handiei alfonbra gorria jartzen dioten bitartean, herrietako komertzio ttikiak itotzen ari dira. Hau kate bat da, langileok pobretzen segitzen badugu, geroz eta zailtasun gehiago izango dugu gure herrietan kontsumitzeko. Bizitzeko oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna dugu; nola garatuko dugu bizi proiektu duin bat egungo soldatekin, etxebizitza, gasolioa, elikagaiak, fakturak garestitzen diren bitartean?».

Hori dela eta, «greba funtsezkoa da guttieneko soldatari atea itxi dieten politikari, enpresa eta sindikatuei, gure haserrea argi adierazteko. Estatu Espainolari lotuak nahi gaituzte, eta guk Euskal Herrian erabaki nahi dugu gure oraina eta etorkizuna. Horregatik berriz ere argi diogu: Bizitzaren garestitzeari, pobretzeari, prekarizazioari aurre egiteko 1.500eko guttieneko soldata orain!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun