Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 13a

Uterga eta Mitxeo lidergoa emanen lieken garaipenaren bila kantxaratuko dira larunbat arratsaldean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren final laurdenetako laugarren jardunaldia jokatuko dute martxoaren 14an, larunbatean 18:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Gogoratu behar da lehen fase honetako partida guztiak Donezteben jokatzen ari direla. Promozio mailan, Xuban Iturregi iruritarra eta Xuban Ilarregi oiztarra, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Leatxeren kontra ariko dira eta lehen mailan, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.aren eta Ionen kontra.

Promozioko partidan, Xuban Iturregi iruritarra eta Xuban Ilarregi oiztarra, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira eta lehen mailan, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.aren eta Ionen kontra

Maila nagusiko partidan ariko diren bi bikoteek garaipena lortu zuten lehen jardunaldian eta, beraz, lidergoa izanen dute jokoan.

Promozio mailakoan, berriz, Ezkurra III.ak eta Leatxek jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte eta matematikoki finalerdietarako sailkatuak daude. Ikusi egin beharko da Iturregiren eskuin besoa nola dagoen.

Txapelketako jaialdi guztiak bezala, larunbatekoa ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun