Zortzi bikotek jokatuko dute erremonte txapelketa larunbatetik aitzinera eta finala apirilaren 25ean izanen da
Azken urteetan gertatu ez den bezala, bigarren mailako erremontistak lehenengo mailakoekin arituko dira eta jokatuko duten zortzi bikoteak bi mailetako pilotariekin daude osatuak. Ondorengo bikoteak izanen dira protagonista: Koteto Ezkurra II.a doneztebarra eta Goikoetxea VI.a, Segurola-Eskudero, Goikoetxea V.a eta Aritz Zubiri goizuetarra, Aimar Jabalera doneztebarra eta Aiestaran VI.a, Aiestaran VII.a-Barrenetxea IV.a, Susperregi-Larrañaga, Deskarga eta Aritz Juanenea saldiastarra eta Gurrutxaga-Azpiroz.
Sistema berezia
Lehenengo faseak bortz jardunaldi izanen ditu eta larunbata honetan, martxoaren 14an hasiko da. Hurrengo lau jardunaldiak martxoaren 21ean, martxoaren 28an, apirilaren 4an eta apirilaren 11n jokatuko dituzte. Partida guztiak set edo joko formatuan izanen dira. Jaialdi guztiak 16:30ean hasiko dira.
Kanporaketa sistema erabiliko da fase honetan. Gehienez hiru partida jokatuko ditu bikote bakoitzak eta bi irabazten dituenak finalaurrekoetara pasako da. Horrela, lehenengo jardunaldian garaipena lortzen duten bikoteak irabazleen adarretik joango dira eta lehenengo partidua galtzen dutenak galtzaileen adarrera pasako dira. Irabazleen artean bigarren partiduan garaipena lortzen dutenak finalaurrekoetara sailkatuko dira eta galtzaileek, galtzaileen adarreko irabazlearen aurka jokatuko dituzte beste bi finalerdietako tokiak. Galtzaileen arteko partidua galtzen dutenek kanporatuak izango dira bigarren jardunaldian.
Bi finalerdiak apirilaren 25ean daude iragarrita eta hemen ere jaialdia 16:30ean hasiko da. Partidu bakarrera jokatuko dira eta irabazleak apirilaren 25eko finalera pasako dira.
Lehen jardunaldia larunbatean eta bigarrena hilaren 21ean
Martxoaren 14an jokatuko den lehen jardunaldian, Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a, Segurolaren eta Eskuderoren kontra ariko dira eta Aiestaran VII.a eta Barrenetxea IV.a, Susperregiren eta Larrañagaren kontra.
Martxoaren 21eko jardunaldian, Goikoetxea V.a eta Zubiri, Jabalera eta Aiestaran VI.aren kontra eta Deskarga eta Juanenea, Gurrutxaga eta Azpirozen kontra ariko dira.
Bi jardunaldi hauetako lau partidetako galtzaileek elkarren kontra jokatuko dute martxoaren 28ko jardunaldian eta partida hau ere galtzen duten bi bikoteak txapelketatik kanpo gelditu dira. Lehen bi jardunaldietako irabazleek, aldiz, elkarren kontra jokatuko dute apirilaren 4an eta bigarren partida ere irabazten duten bikoteak zuzenean apirilaren 18ko finalaurrekoetara sailkatuko dira. Martxoaren 28ko irabazleak eta apirilaren 4ko galtzaileak elkarren kontra ariko dira apirilaren 11ko jardunaldian eta irabazleak finalaurrekoetara sailkatuko dira. Aipatu bezala, finala apirilaren 25ean jokatuko dute.
Ansa II.a gabe
Erremontisten zerrendan ikus daitekeen bezala Ansak ez du txapelketa jokatuko. Ez dago faborito argirik eta ahalik eta bikote orekatuenak osatzen saiatu da Oriamendi2010 enpresa. Bikote batzuetan izar nagusi bat dago eta beste batzuetan bi pilotariak dira maila altukoak. Ikusi beharko da nola erantzuten duten, ez baita ohikoa izaten horrelako konposizioa kantxa gainean ikustea. Emozioz beteriko txapelketa espero da eta zirrara handikoa, gainera kontuan izanda jokatuko den azken Berria Erremonte Txapelketa izanen dela.