Oraindik ligaxkako postu zehatzak jakiteko azken jardunaldia falta baldin badute ere, Iturriaga-Orbegozo, Oskoz-Arrastia, Barrokal-Perez eta Mujika-Ruiz de Larramendi izanen dira finalaurrekoetan
Ortziralean Aizarnazabalen jokatutako promozio mailako partidan, Arrutik eta Dunixe Alberro iturendarrak 22-17 irabazi zieten Alize Sagardui goizuetarrari eta Etxeberriari. Arrutik eta Alberrok txapelketako partida guztiak irabazi dituzte oraingoz eta bosgarren puntua eskuratu zuten. Lehen mailako partidan, berriz, Gomezek eta Agirrek 22-19 irabazi zieten Aranbururi eta Mendibururi.
Larunbatean Getarian jokatutako jaialdian lehen mailako bi partida jokatu zituzten. Lehenbizikoan, Barrokalek eta Perezek 22-18 irabazi zieten Aranbururi eta Mendibururi eta bigarrenean, Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok 22-15 irabazi zieten Oskozi eta Arrastiari.
Igandean Zumarragan, berriz, Mujika eta Ruiz de Larramendik 22-17 irabazi zieten Gomezi eta Agirreri. Partida erabakigarria zen eta finalerdietarako txartela eskuratu zuten izeba-ilobek. Beraiekin batera Barrokal-Perez, Oskoz-Arrastia eta Iturriaga-Orbegozo izanen dira finalerdietan.