Zeberio II.a eta Barricart garaile Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako hirugarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Agirrezabala, Oses, Ilarregi, Iturregi, Otano, Mikelarena, Zeberio II.a eta Barricart, besoko moreekin larunbatean Donezteben, Josu Prim epailea tartean dutela.

Larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren final laurdenetako hirugarren jardunaldiko lehen mailako partidan, Zeberio II.ak eta Barricartek 35-32 irabazi zieten Mikel Mikelarena oiztarrari eta Otanori. Promozio mailan, Osesek eta Agirrezabalak 35-31 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Xuban Ilarregi oiztarrari. Pilotariak besoko moreekin kantxaratu ziren, emakumearen nazioarteko eguna gogoan.

Lehen mailako partidan 35-32 iabazi zieten Mikelarenari eta Otanori eta promozioko partidan, Xuban Iturregi iruritarrak eta Xuban Ilarregi oiztarrak galdu egin zuten Oseses eta Agirrezabalaren kontra

Lehen mailako txapelketako partida oraindik berdinduagoa izan zen. Lehenbiziko lau tantoak Mikelarenak eta Otanok egin zituen, baina bosnako berdinketaren ondotik, aitzinetik ibili ziren Zeberio II.a eta Barricart, zazpi tantoko aldearekin ere (14-7). Ez zuten burua makurtu urdinek eta partida berdintzea ez ezik (23-23, 24-24, 27-27), bi tanto aitzinetik ere jarri ziren (27-29). Baina hogeita bederatzinako azken berdinketa eta gero, hobe bukatu zuten partida gorriek (35-32).

Promozio mailako txapelketako partidan, hasiera berdinduaren ondotik, hiru tantoko aldearekin ere irabazten izan ziren Iturregi eta Ilarregi (4-7 eta 5-8), baina hamaikana berdindu ondotik, beti aitzinetik izan ziren Oses eta Agirrezabala, zortzi tantoko aldearekin ere (24-16). Iruritarrak eta oiztarrak ez zuten etsi eta tanto bakarrera hurbiltzea lortu zuten (31-30), baina azkenean gorriek irabazi zuten(35-31).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun