Lo egiteko beharra ez da berdina izaten bizitza osoan. Lesakako Osasun Zentroak oroitarazi duenez, «adinak (helduek ez dute guttiago lo egiten, diferentea baizik; lo arinagoa dute eta maizago ernatzen dira gauean), osasun egoerak, egoera emozionalak (bereziki depresioak eta antsietateak) eta bertze zenbait faktorek (adibidez, arazo pertsonalek, etxekoek, lanekoek eta abar) eragiten dute horretan». Lo egitea «ezinbertzekoa» dela gaineratu du, «baina arrats batean lo gaizki egiteagatik ez larritu. Aurre egin diezaiokezu eta!».
«Arrats batean lo gaizki egiteagatik ez larritu. Aurre egin diezaiokezu eta!»
Aholkuak
Hala ere, lo egiteko arazoak izanez gero, «ohitura batzuk aldatzeko» aholkatu du. Bertzeak bertze, «egunero-egunero ordu berean ohatzera joaten eta jaikitzen saiatzeko» aholkua eman du, «baita asteburuetan eta opor egunetan ere». Horrekin batera, lotara joan aitzinetik «beti gauza berdintsuak» egiteko erran du: «pijama jauntzi, hortzak garbitu... Ohitura horrek prestatu eginen zaitu fisikoki eta mentalki ohatzera joateko». Ariketa fisiko «arina» egiteaz ere aritu da, «hobe arratsalde erdialdera», edo «bainatzeko edo erlaxazio ariketak egiteko» ere gomendatu du. Azkenik, «logela tenperatura atseginean edukitzea» ere garrantzitsua dela gehitu du, «eta saiatu ahalik eta argi eta zarata guttien izaten».
Saiatu beharrekoak
Kontrara, badira saihestu beharreko bertze alderdi batzuk osasun zentroaren arabera. Hala nola, «alkohola, tabakoa eta bizigarriak; afaltzerakoan elikagai pisutsuak edo ohatzera goseak joatea; 20 minutu baino gehiagoko siesta; ariketa fisiko bizia eta jarduera estresagarriak ohatzera joan baino bi edo hiru ordu lehenago...». Edo ohatzean «telebista, ordenagailua, bideojokoak, jatekoa, telefonoz solas egitea, eztabaidatzea.. saihesteko» deia ere egin du. Gehiago ere bai: «Lorik ezin duzula egin buruan bueltaka izateak» ere ez omen du laguntzen. Hala, «ohatzean ordu erdi badaramazu eta lorik hartu ez, jaiki eta lasaitzeko zerbait egin, logalea sentitu arte. Ez joan ohatzera logalerik gabe».
Eta alferrik bada?
Aipatutako aholkuei kasu egin, eta hala ere helburua lortzen ez bada, «nork bere kabuz sendagaiak ez hartzeko» azpimarratu du Lesakako Osasun Zentroak. Eta «laguntza behar izanez gero, osasun zentrora edo farmaziara joatek» deia egin du. Botiken harira, «zenbait medikamentuk insomnioa tratatzeko» balio izaten ahal duten arren, «hagitz denbora laburrean erabili beharrekoak direla» oroitarazi du, «tratamendu kroniko ez bihurtzeko. Agintzen badizkizute, zehatz-mehatz bete errandakoa».
«Lo egiteko pilulak hagitz denbora laburrean erabili beharrekoak dira, tratamendu kroniko ez bihurtzeko»
Gisa horretara, botika horiek eragiten ahal dituzten bi ondorio ere aipatu ditu: «Alde batetik, pilula horienganako mendekotasuna, eta hartu gabe lo egiteko arazo larriak izaten ahal dira; eta bertzetik, tolerantzia, normalean hartzen duzun dosiak ia efekturik egiten ez duenean, eta dosia handitu behar bada». Argi mintzatu da Lesakako Osasun Zentroa: «Lo egiteko botikak denbora luzez hartzen ari bazara, komeniko litzaizuke zure medikuari pixkanaka-pixkanaka nola utzi galdetzea».
Nola utzi lo egiteko pilulak? «Poliki-poliki, baina pausoka»
Lesakako Osasun Zentroaren hitzetan, «lo egiteko pilulak ez dira bizitza osorako tratamendua. Mendekotasuna sor dezakete. Gainera, erorikoak, istripuak eta oroimen galerak izateko arriskua areagotzen dute; adinekoetan, bereziki». Hala, «aspalditik hartzen ari bazara, uzteko momentua izan daitekeela» ohartarazi du, eta «zaila iruditu arren, posible dela» nabarmendu du.
Uzteko bidea ez da bat-batean egin beharrekoa Lesakako Osasun Zentroaren arabera, «pixkanaka-pixkanaka baizik. Poliki baina pausoka egin behar da. Dosia poliki-poliki joan behar da guttitzen; 10-24 aste iraun dezakeen prozesua izan ohi da. Horrela, ez duzu berriz insomniorik izanen».