[GUTUNA] Fermin

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 7a

Fermin Elizondoko botikaria gogoan, idatzi hauxe egin du Imanol Ibaibarriaga Urkirik. 

Etxez aldatu nintzenean ezagutu nuen Fermin, Labayen ostatu aurreko farmazialaria, zeren etxe aurreko farmazia zuenez, botikarik erosteko beharrik bagenuen bertara joaten ginen. Nahiz eta Fermin baztandarra ez izan, urte asko zeramatzan Elizondon botikari lanetan: solteroa, Iruñekoa... hainbeste urteren ondoren, Elizondon finkatua, lagun kuadrillarekin ikusten genuen jaiegunetan, eta astean zehar farmazian herritarrengandik hurbil, bere lanak hori eskatzen baitzuen. Distantzian serio, hurbilean lagun: iritzi argikoa izanik ere, entzuten zekien horietakoa zen, beti edozein ikuspuntu trukaketarako prest.

Bere heriotzaren berri izan genuen duela aste pare bat. Bagenekien oso larri zebilela, bere diagnostikoak epe motzeko bizi itxaropena baitzuen. Hala ere, hasieratik ez zuen aukera onik galdu, segitu zuen bere kabuz eguneroko eginbeharrak egiten, paseoak ematen, lagunekin elkartzen; normaltasunari eustea zuen eguneroko zeregin nagusia. Tratamenduaren gogortasuna zela medio, ahulago sumatu arren, denbora igaro ahala inoiz ez nuen ikusi lur jota, beti aitzinerat. Kalean ez erortzeko akaso bastoi baten beharraz solastatu baginen ere, bideari eutsi eta ozta-ozta segitu zuen.

Sarri distantzian geratzen gara, heriotzaren presentziaren beldurrez edo... Beste aldera begiratuz sosegu hartzen dugu. Eri dagoena, ostera, etsipenean, sostengu beharrean dago, emozionalki barne estutasuna arindu behar du, eta horretarako ingurukoen onginahiak, egoera ulertzeak eta animo hitz sinpleenak ere arintzen dute samina. Kalean berarekin elkartzen nintzenean, solasean esker ona erakusten zuen halako poztasun bat transmitituz, Elizondoko herritarren hurbiltasunak bere eritasunean bakea ematen baitzion; esker onez hitz egin zidan Elizondoko jendeaz, batez ere bere hurbileko lagun eta bezeroez; kalera ateratzeak biziberritu zuen.

Pertsonon elkarrenganako onginahiak definitzen du herri izaera, elkar errespetatu eta zaintzeak, herrikoak izanik beharrezkoa eguneroko arazo txikiei zein larriei erantzuteko, horrek egiten du herria: lagun kolektibitatea maitatzea. Herriko jendeak babestu eta transmititu zion bakea eta aitzinerat segitzeko ahalmena Fermini. Herritarron onginahia horretan, bake momentutxo hori konpartituz, Elizondokoa sentitu naiz. Labayen aitzinean ez dago farmaziarik, baina bertako botikariak denoi erakutsi zigun norbere atsekabearen ezina gizatasunez eramaten. Kalea gurutzatzean berarekin topo egin eta izandako elkarrizketa momentutxo hori gogora etorri zait: doluan etsi gabe, Ferminen esker ona solasaldi sinpleenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun