Etapa berri bat irekitzeko laguntza eskatu dute Oriamendiko erremontistek

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 6a

Oriamendiko erremontista batzuk, joan den urteko binakako txapelketaren aurkezpenean.

Gaur egun Oriamendi 2010 enpresan ari diren erremontistek agerraldia egin zuten ortzegunean Urnietako Setien sagardotegian, erremonte profesionalaren etorkizunari buruzko mezu argi eta eraikitzailea helarazteko. Jakina denez, egungo Oriamendi enpresak 2027tik aurrera ez duela jarraituko jakinarazi du. Erremontista hauen kontratuak, beraz, 2026an bukatuko dira eta, gaur-gaurkoz, ez dago Gipuzkoan erremonte profesionalari jarraipena emanen dion egitura zehazturik.

Erremontistek jakinarazi zutenez, «azken asteotan Eusko Jaurlaritzarekin bildu gara, eta bertan adierazi digute erremontea ekonomikoki laguntzen jarraitzeko prest daudela, egungo laguntzak mantenduz eta, beharrezkoa bada, indartuz». Era berean, «beren eskumenen barruan» aholkularitza emateko prest daudela azaldu diete. Hala ere, argi utzi dute egitura berri baten sorrera ekimen pribatu edo enpresa proiektu baten eskutik etorri behar dela.

Horregatik, aukera baten mezua zabaldu nahi izan dute Oriamendi 2010eko erremontistek: «Erremontea bertako kirola da, euskaldunona, geurea, nortasun propioa duena eta babes instituzionala duena. Une hau baliagarria izan daiteke etapa berri bat irekitzeko: egungo eredua berrikusteko, jarduera Galarretaz harago zabaltzeko, oinarri lana indartzeko eta erremonte profesionalaren bateratzea sustatzeko».

Plantillaren aldetik, jarraitzeko borondatea adierazi nahi izan dute, «inplikatzeko eta kirol honen etorkizunaren alde lan egiteko prest» daudela azpimarratuz. Hori posible izan dadin, «beharrezkoa da 2027tik aurrera kudeaketa profesionala bere gain hartuko duen egitura edo lidergo bat agertzea». Etapa berri hau gidatzeko interesa duen enpresari edo proiekturen bat baldin badago, pilotarien aldetik «konpromisoa, aholkularitza, profesionaltasuna eta elkarlanerako prestutasuna aurkituko dituela» adierazi dute agerraldian. «Gaur ez dugu inor seinalatzen. Gaur bat egitera gatoz. Gaur ate berri bat irekitzeko nahia eta gure babesa eskaintzera gatoz. Erremonteak historia du, nortasuna du, eta guk sinesten dugu etorkizuna ere baduela. Eskerrik asko gerturatu zareten guztioi. Gora erremontea» adierazi dute, agerraldia bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun