Martxoak 8

'Emakume* izateko 60 modu' irakurketa gida eskuragarri paratu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 4a

Gidaren azala eta barreneko ilustrazioak Anne Baskaranek egin ditu.

Emakumezkoak protagonista dituzten 60 liburu biltzen ditu irakurketa gidak eta debalde banatuko dute

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Sakanako, Baztango, Bortzirietako, Malerrekako, Larraun aldeko, Leitza aldeko eta Ultzama aldeko berdintasun eta euskara zerbitzuek Emakume* izateko 60 modu izeneko irakurketa gida kaleratu dute. Emakumeak protagonista diren euskarazko liburuak agertzen dira bertan.

Gidan liburu berriak zein klasikoak daude, eta adinaren arabera daude sailkatuta. Generoari dagokionez, era guztietako liburuak daude. Irudiak Anne Baskaranenak dira.

Gidaren xedea da berdintasunari loturako baloreak zabaltzea euskarazko kalitatezko liburuen bidez. Hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Horretaz gain, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du. Horiek horrela, «genero berdintasunera eramango gaituen bidean, proposatutako zerrenda lagungarri izatea nahi dugu».

2.000 gida banatu dira doan aipatutako eremuetako toki publikoetan: ikastetxeetan, liburutegietan, kultur etxeetan... Gainera gida online eskuratzeko aukera ere badago hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun