Sendaberri Zirkuitua Berara, Leitzara eta Lesakara ailegatuko da aurten

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 4a

Sendaberri programaren aurkezpena egin dute aste honetan eta aurten ere Nafarroako Antzoki Sareko espazio eszenikoetara programa zabala eramanen dute. Tartean, Berara, Leitzara eta Lesakara.

Nafarroako Antzoki Sareko espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastu eta osatzeko helburuarekin dator aurten ere Vianako Printzea erakundeak antolatutako Sendaberri zirkuitua. 13 konpainiaren 67 emanaldi izanen dira sareko 32 herritan, tartean, Beran, Leitzan eta Lesakan. Heldu, gazte eta familiarentzako dantza, zirku, arte bizi zein antzerki proposamenak izanen dira, horien artean 14 euskaraz.

Dantza, zirku eta antzerki emanaldiak izanen dituzte, martxoan Lesakako Harriondoa kultur etxean, apirilean eta maiatzean Leitzako herri aretoan eta urrian eta azaroan Berako kultur etxean

Eskualdeari dagokionez, Lesakan, Qabalum dantza taldearen Zarata hori guztia lana ikusgai izanen da martxoaren 21ean, larunbatean 19:00etan eta La Banda Tetro Circoren Nuur ikuskizuna martxoaren 22an, igandean 18:00etan Harriondoa kultur etxean.

Leitzako herri aretoan, Akira Yoshidaren El porqué de los perdidos dantza eta antzerki emanaldia izanen dute apirilaren 12an eta Adriana Salvoren eta Boga Bogaren Balkoi atzean emakumeak kantari antzerkia maiatzaren 10ean.

Berako kultur Etxean ere Adriana Salvoren eta Boga Bogaren Balkoi atzean emakumeak kantari antzerkia izanen dute urriaren 3an eta Mar-Mar Teatro taldearen Elara, bidaia izarretara antzerkia azaroaren 14an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun