Goizuetarrak asteburuko bi partidak irabazi ditu Gaminderekin batera eta heldu den igande eguerdian Agurainen ariko da, Aldairen eta Arrillagaren kontra
Hain zuzen, elkarren kontra suertatu ziren elite mailan ari diren eskualdeko hiru pilotariak ortziralean Ortuellan jokatutako jardunaldian. Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek 22-10 irabazi zieten Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Nahia Bertiz sunbildarrari. Lehen partidan, Ruiz de Infantek eta Mendizabalek 22-8 irabazi zieten Maddalen Etxegarairen ordez aritu zen Marta Gomezi eta Capellani.
Igandean Igorren erabaki zen, beraz, finalerdietako protagonista zein izanen diren eta gurutzaketak. Lehen partida hil ala bizikoa zuten Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek eta Ibarrola-Erasunek, garaipenetik harago, tanto bakoitzak ere berebiziko garrantzia izan zezakeelako sailkapenean postu bat igo edo behera egiteko. Gauzak horrela, lehia orekatua eta gogorra izan zen, baina azkenerako Sagardui-Gamindek eraman zuten ez bakarrik puntua, baita bigarren postura igotzeko balio izan dien 22-11ko emaitza ere. Porrot horrek, aukera gabe utzi ditu Ibarrola-Erasun, Ruiz de Infante-Mendizabalekin hiruna puntura berdinduta, azken hauek tanto gehiago egin dituztelako ligaxka osoa kontuan hartuta.
Bigarren partidak ez zuen horrenbesteko tentsiorik, bi bikoteek ziurtatuta baitzuten Agurainerako txartela. Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak ez zuteb euren egunik onena izan eta ezer gutxi egin ahal izan dute, dudarik gabe, lehen ligaxka honetan bikoterik sendoena izan den Arrizabalaga-Bergararen aurka (22-2). Gernikarrak eta bergararrak jokatutako sei partidak irabazi dituzte eta txapela janzteko faborito garbiak dira.