2026ko MTB Euskal Kopako lehen proba jokatu zen otsailaren 22an Caparroson eta eskualdeko mendi txirrindulariek maila bikaina eman zuten. Horren erakusgarri, 23 urtez beheitiko kategorian, podiumera igo ziren hiru txirrindulariak bi eskualdekoak ziren: aurten SH Metalgraf taldean ari den Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra lehena eta Saltoki Orbea taldeko Oihan Aleman Azkarraga iruritarra bigarren izan ziren eta Saltoki Orbea taldeko Jon Egizabal Sagastibeltza leitzarra laugarren. Kategoria honetako lehen liderra, beraz, Eneit Bertiz da.
Gainera, irekiko sailkapen orokorrean, seniorrak eta eliteko txirrindulariak barne hartuta, bigarren izan zen Eneit Bertiz, Saltoki Orbeako Dario Silvestreren gibeletik, laugarren Oihan Aleman eta seigarren Jon Egizabal.
Junior mailan, berriz, Saltoki Orbea taldeko Unai Iñarrea Iguzkiagirre igantziarra izan zen garaile eta kategoriako lehen liderra.
Caparrosokoaren ondotik, bertze bortz probak osatuko dute MTB Euskal Kopa: maiatzaren 3an Zangozan, maiatzaren 17an Miranda Argan, maiatzaren 31n Oiartzunen, ekainaren 13an Amurrion (Euskadiko txapelketa ere bertan erabakiko da) eta uztailaren 11n Abadiñon.