Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin hasi da gaur Errigoraren udaberriko kanpaina. Eskutik eskura egiten dugu herria da aurtengo udaberriko kanpainaren leloa eta horixe jarri nahi izan du Errigorak mahai gainean: kontsumoaren bidez egiten dela herria. «Herritarrek ere badugu erabakimena eta gure eguneroko hautuek badute zeresana eraldaketa horretan. Kontsumo ohiturak aldatzea beharrezkoa da herriaren alde egiteko, indartzeko edo izaera emateko, izateko edo ez izateko». Errigorak nabarmendu du «beste gisara kontsumitzeko aukera» eskaintzen duela: «Euskal Herri osoa biltzen duen proiektu baten alde ekoizleak eta kontsumitzaileak biltzen ditu».
Despentsa betetzeko deia
Azken urteetako eskema errepikatu du Errigorak aurtengoan ere eta erosleak urte osorako eskaerak egitera bultzatu nahi ditu. Hortaz, oliba olio birjina estra bidoi handietan egonen da eskuragarri eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan: barazkiak kontserban, eltzekari freskoak eta kontserbak, tomate saltsa... Salbuespenak arroz ekologikoa, ardo sortak eta arbendolak izanen dira. Horiek sei kiloko lotetan banatuko dituzte.
Produktu guztien zerrenda errigora.eus helbidean ikusi daiteke eta produktu ekologikoak eta ez ekologikoak, bietarikoak egonen dira eskuragarri, jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.
Aurtengo kanpainarako hainbat berrikuntza prestatu ditu Errigorak:
- Ardoa sei botilako sortetan banatuko dute eta ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza eskainiko du. Eta aurten, lehen aldiz, 5 litroko ardo gazte kutxa ere izanen da aukeran.
- Babarrun zuri ekologikoak eskainiko dituzte aurten lehendabiziko aldiz, eta baita pikillo piper zati ekologikoak ere.
- Arbendolak motaren arabera banatutako loteetan eskainiko dituzte, 200 gramoko sei paketeko loteetan: naturak alde batetik eta gatzarekin txigortutakoak gainerakoak.
- Pasta loteak erosteko aukera ere izanen da, 400 gramoko paketetan: albahakarekin ondutako fussili pasta, belar probentzalekin ondutako fussili pasta eta pasta zuria.
Berrikuntza horiez gain, ohiko produktuak izanen dira aukeran:
- Oliba olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ekologiko daude aukeran: enpeltre, arbekina eta pikual. Ekologikoan, aldiz, bertako arroitz eta arbekina. Denak 5 litroko bidoiak dira.
- Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko hamar produktu daude aukeran: zainzuri zuriak; pikillo piperra osorik; pikillo piper zatiak; orburuak; kardua; barazki menestra; borrajaz, zerba penkez eta lekez osatutako barazki sorta; txitxirioak; babarrun zuriak eta tomate frijitua. Zortzi ez ekologiko ere badira aukeran: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, ilar gorriak, borraja, leka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua.
- Arroz ekologikoa izanen da, kiloko sei paketetan, erdiluze txuria eta erdiluze integrala. Arroz ez ekologikoan, aldiz, bi barietate daude: lido txuria eta bonba txuria. Hauek kiloko hamabi paketetan erosten ahal dira.
- Dilista eta txitxirio ekologiko lehorrak kiloko hamabi paketetan egonen dira eskuragarri.
Eskaerak nola egin?
Dagoeneko ireki dute eskaerak egiteko epea eta martxoaren 18ra arte egiten ahalko dira errigora.eus helbidean. Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnek, inguruko guneko arduradunaren bidez ere egiten ahal izanen dute. Ordainketari dagokionez, erosketa momentuan kreditu txartelaren bidez eta Bizum bidez egiten ahal da. Produktuak hartzerako orduan eskudirutan erosteko aukera ere izanen da.
Eskaera 150 €tik gorakoa bada eta kreditu txartela erabiltzen bada, ordainketa bi zatitan egiteko aukera izanen dute erosleek. Kreditu txartelaren informazioa adierazterakoan eskaeraren erdia kobratuko da eta bigarren zatia apirilean kobratuko dute, automatikoki.
Banaketa noiz?
Errigorako produktuen erosketa egitean zehaztu beharko da zein banaketa puntutan bildu nahi den erositakoa. Eskualdean hainbat puntu daude aukeran: Areson, Beran, Donezteben, Elizondon, Goizuetan, Leitzan, Lesakan eta Saran. Maiatzeko azkeneko astean bilketa gune bakoitzeko arduraduna paratuko da erosleekin harremanetan eta zuzenean jakinaraziko dio erosleari noiz joan behar duen bere eskaera biltzera.