Basaburua eta Igantzi izanen dira eskualdeko ordezkariak eta finala martxoaren 29an jokatuko dute Baztanen
Hain zuzen, lehenbiziko jardunaldia martxoaren 1ean, igandean 10:30ean hasita eginen dute Berriozarreko kiroldegiko frontoian; bigarrena martxoaren 8an Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako frontoian (10:30); hirugarrena martxoaren 15ean Altsasuko Iortia plazan edo Burunda pilotalekuan, eguraldiaren arabera (10:30); eta laugarrena martxoaren 22an Arbizuko kiroldegian (10:30). Finala martxoaren 29an Baztanen eginen dute, oraindik zehaztu gabeko herrian (11:00).
Parte hartzaileak
Adinaren arabera, hiru kategoriatan banatuta, Nafarroako hamar kirol elkartetako ordezkariek parte hartuko dute, tartean Baztango Basaburua adin eta modalitate guztietan (kimuetan proba konbinatuan eta haurretan eta kadetetan, konbinatuan nahiz sokatiran) eta Igantzi, kimu mailako proba konbinatuan.
Kimuetan proba konbinatuetan bakarrik ariko dira eta 21 taldek eman dute izena; bertzeak bertze, eskualdeko hiruk: Basaburua A eta B eta Igantzi. Haurretan proba konbinatuetan nahiz sokatiran zazpina talde apuntatu dira, Basaburua tartean. Kadeteetan proba konbinatuetan zazpi eta sokatiran sei taldek eman dute izena. Bi probetan Basaburua izanen da eskualdeko talde bakarra eta konbinatuan bi talde plazaratuko ditu gainera.