Taupa mugimenduak «hizkuntza guztiak aitortu eta babesteko» deia egin du Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 21a

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna.

1999an Bangladesheko gobernuak UNESCOri proposatu zionetik ospatzen da Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna otsailaren 21ean. Ospakizun honen oinarrian bengaleraren aldeko mugimenduari egiten zaion aitortza dago, izan ere, bengalera-hiztunen agerraldi jendetsu batean pakistandar polizia tiroka hasi zen bost lagun hil eta ehunka manifestari zaurituz. 2000. urtean lehen aldiz ospatu zenetik, egun honek hizkuntza aniztasuna gordetzearen garrantzia eta munduko hizkuntza guztiak jendarte osoaren ondare komuntzat hartu eta babesteko deia egiten da urtero otsailaren 21ean.

Hizkuntzan arteko elkartasuna eta elkarbizitza ere aldarrikatzen du euskaltzaleen mugimenduak argitaratutako ‘Euskaratik hizkuntza guztiekin’ manifestuak

Euskaratik hizkuntza guztiekin izenburupean eta Euskal Herrian hiztun gehien dituzten zortzi hizkuntzatan argitaratutako manifestuan, «hizkuntza guztiak aitortu eta babestera» dei egiten du Taupa euskaltzaleen mugimenduak, «hizkuntza txikiak ikusezin bihurtzen dituzten egiturak zalantzan jartzera, hizkuntzen arteko elkartasuna eraikitzera». Izan ere, «berez ez dago hierarkiarik hizkuntzen artean; bada elkarrizketa, bada elkarbizitza». Euskal Herrian 100 hizkuntzatik gora hitz egiten dira eta, aldi berean, euskarak hau du bizitoki bakarra. Errealitate honen aurrean, euskarara ahalik eta konplize gehien gerturatzea dagokigu, Euskal Herrian euskaren erabilera ohikoa eta erosoa izan dadin. Era berean, gu ere beste hizkuntza batzuen konplize izan behar gara, eskubidea baita norbere hizkuntzan bizitzea.

Auzoko, elkarbizitza euskaratik

Hizkuntzen arteko elkarbizitzaren erakusgarri dira Taupa euskaltzaleen mugimenduak aspalditik kudeatzen dituen Auzoko egitasmoak. Zenbait herritan martxan dauden ekimenek, euskaratik gertu dauden herritarrak eta urrun daudenak elkartzen dituzte, hizkuntza erdigunean jarrita, elkarbizitza espazioak sortuz. Hainbat egitasmo daude, hala nola, herriko hizkuntza aniztasunaren kudeaketaren inguruko gizarte elkarrizketak sustatzen dituen Auzoko Elkarrizketak egitasmoa edota familiei bereziki zuzendutako Auzoko Familiak.

Hiztegitxoak, egunerokotasunerako hiztegiak

Euskararen herrira iritsi berrientzat, edota hemen aspalditik edo betidanik bizita ere, euskaratik urrun kokatzen diren horientzat, baliabideak eskaini nahi ditu Taupak. Eta ez hori bakarrik; auzokideen ahotan dauden hizkuntza ezberdinetara gerturatzeko, euskaradunei ere baliabideak eskaini nahi dizkie. Baliabide hori da Hiztegitxoak webgunea. Bertan, hizkuntza ezberdinetatik euskarara eta euskaratik hizkuntza ezberdinetara itzulitako hiztegitxoak aurkituko ditu erabiltzaileak, egunerokotasunerako oinarrizko terminoekin. Tresna erabilgarria, doakoa eta hedatzeko eta hazteko potentzialduna da Hiztegitxoak webgunea (https://hiztegitxoak.taupamugimendua.eus/).

Elkarrekiko aitortzan oinarritutako bidea da Taupak elkarbizitzarako proposatzen duena eta bide honi eutsita, pausuz-pausu doa euskara erdigunean jarrita konplizitate eta elkar ulertze guneak eta uneak sortzen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun