2020an sortu zenetik, ERA Eskolak familiei lagundu nahi die beren seme-alaben euskara ikasteko prozesuan, eta, horretarako, informazio zorrotza eta baliabide praktikoak eskaintzen dizkie, hizkuntzaren erabilera familian eta eguneroko bizimoduan indartzeko.
Bosgarren edizio honetan familien interesekoak diren zenbait gai jorratzen dituzte, hala nola haurdunaldian edo ume txiki bat etxera ailegatu aitzinetik 'saski linguistikoaren' prestaketa; gurasoak euskarazko kulturgintzaren transmisore gisa duten rola; edo nola irakurri album ilustratuak, horien hezkuntza eta hizkuntza-potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Saioak prestatu eta eman dituzten hizlariak Estitxu Fernandez psikologo perinatala; Gotzon Barandiaran euskararen eta bere kulturgintzaren langile autonomoa; eta Saroa Bikandi irakurzaletasuna sustatzeko bitartekaria, ipuin kontalaria eta haur eta gazte literaturan aditua izan dira.
Edizio honetako bideoak euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri ERAren YouTubeko kanalean, eta edizio guztietako bideoak era.eus atariko “Gurasoentzako aholkuak” eta “Consejos para padres y madres” ataletan.
ERA Eskola: familiei euskarazko hezkuntzan laguntzea
Euskarabidearen lan ildoetako bat familiei laguntzea da, euskara haien seme-alaben hezkuntzaren parte izan dadin, gurasoak euskaldunak izan ala ez. Helburua euskaraz ikasteko eta gozatzeko aukerak zabaltzea da, eta familiek hezkuntza-prozesuan duten eginkizunean duten konfiantza indartzea.
Gurasoek erabaki asko hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko, elikaduraren, lo-errutinen, praktika osasungarrien edo hezkuntza mugen garrantziaren inguruan, bertzeak bertze. Era berean, euskararen ikaskuntzan laguntzeko orientabidea ere bilatzen dute, erraterako, irakurzaletasuna sustatzeko, eskolaz kanpoko jarduerak aprobetxatzeko edota eskolako lanekin laguntzeko. ERA Eskolak erantzunak eta baliabideak eskaintzen ditu eguneroko egoera hauetarako.
Familientzako erreferentziazko ataria
Tokiko erakundeek (tartean Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea) Euskarabidearen laguntzarekin sortutako eranafarroa.eus web orriak informazioa eta baliabideak biltzen ditu eskolan euskara ikasten duten 12 urte arteko haurrak dituzten familientzat. ERA Eskolako saioez gain, hizkuntza ikasketa prozesua etxean indartzeko material praktikoak eskaintzen ditu atariak