Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako lehen fase osoa Donezteben jokatuko da otsailean eta martxoan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 19a

Iruñeko Alde Zaharrerko erremonte txapelketan ariko diren erremontistetako batzuk, antolatzaile eta laguntzaileekin batera, asteazkenean egindako aurkezpenean.

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren aurkezpena egin dute asteazken arratsaldean. Parte hartuko duten erremontistekin batera, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea, Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, Euskal Jai Erremonte Fundazioa E•Remonte enpresako ordezkariak, Mariezkurrena eraikuntza enpresakoak eta Elgorriaga bainuetxekoak izan ziren aurkezpen ekitaldian. 

Iruñeko Labrit pilotalekuan egiten ari diren obren ondorioz, final laurdenetako lehen fase osoa Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko dute, asteburu honetan hasi eta martxo hondarrera arte. Ohikoa denez, txapelketa ADANO elkartearen alde antolatu dute. Ligaxka osorako abonamendua 15 eurokoa da eta eguneko sarrera 5 eurokoa izanen da.

Launa bikote lehen eta promozio mailan

Lehen mailako txapelketan lau bikote izanen dira, tartean, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek osatutakoa. Mikel Mikelarena oiztarra Otanorekin ariko da eta Zeberio II.a-Barricart eta Matxin III.a-Ion bikoteek osatuko dute lehen mailako koadroa.

Bigarren mailan berriz, Jon Sagaseta iruritarra eta Baztan, Xuban Iturregi iruritarra eta Xuban Ilarregi oiztarra, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra eta Oses-Arrizabalaga ariko dira.

Aipatu bezala, final laurdenetako ligaxka osoa Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatuko da. Lehen jardunaldia otsailaren 21ean, larunbat honetan, 18:00etan hasiko da. Promozio mailako txapelketako partidan, Sagaseta eta Baztan, Ezkurra III.aren eta Leatxeren kontra ariko dira eta lehen mailakoan, Uterga eta Mitxeo, Mikelarenaren eta Otanoren kontra. Beraz, bi partiden artean, Malerrekako bortz erremontista eta baztandar bat ikusteko aukera izanen da.

Ondoko bortz larunbatetan (otsailaren 28an eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an) jokatuko dituzte finak laurdenetako ligaxkako bertze partidak.

Finalerdiak apirilaren 3an eta finala apirilaren 10ean Labriten

Ligaxkako lehen sailkatuek, bai lehen mailan, baita promoziokoan ere, apirilaren 10ean Labriten jokatuko diren finaletarako zuzeneko txartela lortuko dute. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, finalerdietako partida jokatuko dute apirilaren 3an Iruñeko Labriten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun