Hilabetero hirugarren astelehenetan egiten duten bezala, karrikara atera ziren atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunak. Hainbat gai hartu zituzten hizpide, konparazio batera, pentsioen egokitzapena. Kritiko mintzatu ziren, «urte hasieran pentsioen egokitzapena nahiko traketsa» izaten ari dela erranez. Izan ere, ilbeltzean pentsioak % 2,7 igotzea onartu zuten eta hala izan zen. Baina otsailari begira, pentsioen eguneratzea biltzen duen dekretua gibelera bota zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. Horren harira, «pentsiodunon eskubideekin horrela jostetan ez aritzeko» eskatu zuten atzo Beran, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako aldarrikapenekin bat egin zuten: «Errebalorizazio automatikoa, bizi kostu errealaren arabera; urte amaierarako ordainsaria berreskuratzea eta guttieneko pentsioa lanbide arteko guttieneko soldatarekin parekatzea». Hori aldarrikatzeko otsailaren 21ean Bilbon eta Donostian eta 23an Gasteizen eta Iruñean egitekoak diren mobilizazioen berri ere eman zuten.
«Pentsiodunon eskubideekin ezin da horrela jostetan ari»
Zaintza
Zaintzaren inguruan, «Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxean, lehendabiziko faseko lanak akituta, egoiliarrak eraikin berrira aste honetan aldatuko direla» jakinarazi zuten. Aldaketarekin «bizi kalitatean hobekuntzak nabarituko» direlakoan dira pentsiodunak, «bai egoiliarrentzat, bai langileentzat». Gehiago ere zehaztu zuten: «Ilbeltzaren 19an egin zen ate irekien ekitaldia, eta harat hurbildu ginenok zein dotore gelditu den ikusteko aukera izan genuen».
Osasuna
Osasunaren inguruan, ordea, «gure osasuna modu egokian artatua izateko bermerik ez dagoela» salatu zuten. Eta horrekin lotuta, Elizondon karrikara ateratzen segitzen dutela gogoratu zuten, «gaur egun diren osasun zaintzako postu guziak modu iraunkorrean beteak egon daitezen, bakoitzari dagozkion baldintzak betez». Haien hitzetan, «pribatizazio joerak eta diru goseak ez du su etenik ematen. Beraz, osasun zaintza publiko duinen aldeko aldarriak karrika gehiago hartu behar ditu. Goazen pentsiodunak pauso bat aitzinera ematera!».
«Jendea erdigunean paratuko duten balioak behar dira, bai edo bai»
Greba, Palestina gogoan eta elkarbizitzaren aldeko deia
Sindikatuek martxoaren 17rako egin duten greba deialdiarekin bat eginen dutela ere gehitu zuten, eta ohi bezala, Palestinaren kontrako genozidioa ere salatu zuten. «Gerra zantzuak zabaltzen» ari direla azpimarratuz bukatu zuten agerraldia: «Gerra, bai, baina ez da gerra geografikoa soilik; jendearen balioen gerra bat gertatzen ari da: Genozidioa eta suntsiketa errespetuaren eta duintasunaren kontra; kapitalismoa ongizatearen kontra; inposizioa eta indarkeria elkarbizitzaren kontra; harrokeria elkartasunaren kontra; eta gorrotoa maitasunaren kontra». Pentsiodunen ustez, ordea, «jendea erdigunean paratuko duten balioak» behar dira, «bai edo bai». Eta bide horretan, «pentsiodunok elkarbizitzaren aldeko balioak garaile atera daitezen gure indar guzia paratuko dugula» azpimarratu zuten.