Espainiako gazte mailako federazio arteko pilota txapelketa jokatu dute otsailaren 13tik 15era Zaragozan. Nafarroako selekzioarekin, eskuz binaka, finalean txapeldun suertatu ziren Irurtzun taldean ari diren Markel eta Julen Salaberria Goizuetako anaiak, finalean Errioxako Javier Tuestari eta David Salinasi 2-0 irabazita (10-1 eta 10-3). Errekako Nahia Bertiz sunbildarra eta Beti Onakeko Aizane Ibarrola ere garaile izan ziren, Gaztela Leongo Miriam Fernandezi eta Raquel Pequeri bi partidak erraz irabazita.
Buruz buruko txapelketan, aldiz, txapeldunorde izan zen Aurrerako Julen Baleztena leitzarra. Gaztela-Leongo Sergio Fernandezi 2-0 irabazi ondotik, Errioxako Sergio Nanclaresen kontra 0-2 galdu zuen.
Eskuz ez ezik, zenbait tresnarekin ere aritu ziren (pala motza, palaz larruzko pilotarekin eta zesta puntan) eta gehienetan Nafarroako federazioa nagusitu zen.