Euskal Herriko delegazio sozial bat Rojavan da, tartean Garbiñe Elizegi Narbarte lekaroztarra

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 16a

Euskal Herriko delegazio sozialeko kideak Rojavan. Ezkerretik hasita, Lander Arbelaitz Mitxelena, Jose Javier Oses Carrasco, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Mikel Zuluaga Uriarte.

Bizi duten muturreko egoeraren harira, Siriaren menpeko kurduak Euskal Herriko hainbat aktibistarekin harremanetan jarri ziren, laguntza eskatzeko. Dei horri erantzunez, lau laguneko delegazio sozial bat joan da Euskal Herritik Rojavara, eta horietako bat da Elizegi.

Lau pertsona bildu dira Rojavara joan den Euskal Herriko delegazio sozial horretan. Horietako bat da Garbiñe Elizegi Narbarte (Pomona-California, 1975) lekaroztarra, mugimendu feministako kidea eta erizaina. Bertze hirurak hauek dira: Mikel Zuluaga Uriarte Mikelon (Bilbo, 1955), Jose Javier Oses Carrasco Jotas (Unx-Nafarroa, 1980) eta Arbelaitz Mitxelena (Donostia, 1985).

Zuluaga Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea da, migrazio kontuetan eta agroekologian ari dena; Oses Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea eta irakaslea da, eta Arbelaitz mugimendu euskaltzaleko kidea eta Argiako kazetaria. «Euskal Herriaren berotasuna» erakutsi nahi diete bertako herritarrei, «ez daudela bakarrik erran». Eta horrekin batera, «hango egoeraren berri Euskal Herrira ekarri». Argitu dutenez, «bertako herritarren etxeetan lo egitea eta bertako eragile politiko eta sozial ugariren bitartez, beraien proiektuaren xehetasunak bildu eta gaur egun egoera nola dagoen entenditzea da asmoa».  

Egoera kritikoa

«Egoera arras kritikoa da Rojavan». Hala zehaztu dute Euskal Herriko delegazio sozialeko kideek: «Gaur egun indar kurduek Siriako Gobernuarekin su etena sinatua badute ere, arras hauskorra da akordioa, konfiantza falta da nagusi bi aldeen artean». Gainera, «Kobane hiria setiatua izan dute Siriako Gobernuko indarrek eta gaur egun inguratua dago». Ez hori bakarrik: «Beraien bizkarrean, Turkiak eraikitako harresi izugarri bat dute, eta hortik ezin da eskapu egin. Haien aurkako sarraski bat gertatzeko aukerak arras handiak dira».

Kobane hiria setiatua izan dute Siriako Gobernuko indarrek eta gaur egun inguratua dago. Turkiak eraikitako harresi handi bat dute, eta hortik ezin dute eskapu egin. 

Gehitu dutenez, «azken aldian milaka pertsona ailegatu dira bertara Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik eskapu». Horietako «aunitz mezkitetan, eskoletan edo beren autoetan» ari omen dira lo egiten. Gehiago ere bai: «Kobanek ez du nahikoa elikagairik egoera honi aurre egiteko. Elikagai eta ur faltari gehitu zaizkie bi astez pairatu duten elektrizitate mozketa. Kobanen elurra ari zuen bitartean, bertan pilatutako herritar eta desplazatuak berogailurik gabe izan dira».

«Kobanen ikaratuak» daudela nabarmenduz segitu dute: «yihadistek akordioa hautsi eta hirian sarraski bat eraginen ote duten beldur dira, dagoeneko drusoekin eta alaui komunitateekin egin duten bezala».

Eslatu Islamikoaren kontrako borroka

2015ean mundu mailako arreta bereganatu zuen Kobanek, zenbait hilabetez borrokan ibili ondotik, armada kurduek Estatu Islamikoa kanporatu baitzuten. Garaipen hartan protagonismo nabarmena izan zuten emakumeen unitate armatuek. Euskal delegazio sozialak oroitarazi du, «geroztik feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, proiektu politiko hau aunitz garatu eta erreferente eztabaidaezina bilakatu dela nazioartean». Laukotearen irudiko, «mundu justuago baten alde gauden herritar guztiok defendatu behar genukeen proiektua da, eta gaur egun, erabat mehatxatua dago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun