EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETA

Beti Gazteko neskak eta mutilak nagusi Goizuetako jardunaldian ere

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 16a

Beti Gazteko emakumeak tiran, jendez gainezka zegoen Goizuetako Lubineko frontoian. Tiraldi guziak irabazi zituen Lesakako taldeak eta 500 kiloko txapela ere bideratzen hasi zen.

Euskal Herriko sokatira txapelketak larunbat honetan izan du segida Goizuetako Lubineko frontoian. Jendez gainezka zegoen pilotalekua eta tiralariak herriak eta Umore Ona elkarteak egindako harrerarekin harrituak eta eskertuak, otordua ere prest baitzuten tiralariendako. Kirol arloan, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten.

Tiraldi guziak irabazi zituzten lesakarrek larunbatean jendez gainezka zegoen Lubineko pilotalekuan

Gizonezkoen 600 kilokoan bederatzi talde aritu ziren azkenean, bi multzotan banatuak. Multzo bakoitzeko hiru lehenbizikoek lortu zuten otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko den finalerako txartela. A multzoan, Lesakako Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak, Abadiño izan zen bigarren eta Zuraide B hirugarren. Finaletik kanpo, laugarren, Ñapurrak B gelditu zen. B multzoan, berriz, Ñapurrak A nagusitu zen, Ibarra bigarren eta Txantrea hirugarren. Finaletik kanpo gelditu ziren Zuraide A laugarren eta Antsoain bosgarren.

Emakumeen 500 kilokoan ere zazpi talde aritu ziren. Hauek ligaxka moduan ari dira eta Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak. Bigarren postuan berdinduak gelditu ziren Ibarra eta Txantrea; laugarren postua Abadiñok lortu zuen, bosgarrena Berriozarrek, seigarrena Badaiotzek eta zazpigarrena Antsoainek.

Azken bi jardunalditan hiru txapel banatuko dira

Goizuetako jardunaldiaren ondotik, aipatu bezala, otsailaren 21ean Abadiñon jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Otsailaren 28an Txantrean jokatuko den azken jardunaldian jokatuko da emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean.

Beti Gaztek, orain arte, aurten lortu dituen lau txapelekin, historikoki dagoeneko Euskal Herriko txapelketa nagusiko 48 txapel jantziak ditu. Lehena duela 30 urte, 1996an jantzi zuen. Beraz, oraindik banatzeko falta diren hiruetatik bi lortuko balitu, Euskal Herriko 50 txapelera ailegatuko litzateke Lesakako taldea. Zenbaki borobila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun