Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Hutsen Erregistroak ez du oraindik behar bezala funtzionatzen eta, EH Bilduren ustez, bultzada irmoa eman behar zaio. Nafarroako Gobernuaren 2025eko txostenaren datuak ezagutzeko zain gauden arren, aurreko urteetako egoerarekiko aldaketa handirik ez dugu espero. Arrazoia argia da: etxebizitza hutsak automatikoki atzemateko Gobernuak behin eta berriz iragarri duen tresna informatikoa oraindik ez dago martxan.
Gaur egun, Erregistroa bankuek eta haien filialek bidalitako informazioaz elikatzen ari da soilik, legeak hala egitera behartzen baititu. Bide horretatik kanpo, Gobernuak ez du oraindik detekzio aktiborako mekanismo eraginkorrik eta, ondorioz, Erregistroa osatu gabe dago.
Horren ondorioz, Erregistroan inskribatutako etxebizitza gehienak hirigune nagusietakoak dira; izan ere, horietan pilatzen da bankuen eta haien filialen esku dagoen etxebizitza parkea. Hala ere, etxebizitza hutsen arazoa bereziki larria da landa eremuan, non Erregistroak ez duen islatzen arazo honen benetako tamaina.
Halaber, zehaztu beharra dago arazoa ez dela landa eremura mugatzen. Lurralde osoa zeharkatzen du eta hirietan ere nabaria da eragina: milaka pertsonak ezin dute etxebizitza duin eta eskuragarririk izan eta, aldi berean, detektatu gabe jarraitzen duten etxebizitza huts ugari daude. Hala ere, herrietan ondorioak are suntsitzaileagoak dira: itxirik dagoen etxebizitza bakoitza ez baita erabilerarik gabeko higiezin bat bakarrik, bertan behera geratzen den bizi proiektu bat da, eta hustuz doan lurralde baten beste sintoma bat.
Datuak argigarriak dira. Nafarroako etxebizitza parkea 330.000 etxebizitza ingurukoa da, eta hainbat iturrik egindako diagnostiko eta ikerketek emaitza antzekoak erakusten dituzte. Nafarroako Gobernuak berak 2016an egindako inkesta batek % 8 inguruan kokatzen zituen etxebizitza hutsak. Ondoren, INEk 35.000 etxebizitza huts baino gehiago zenbatu zituen (% 11 inguru), eta hauei bigarren erabilerako etxebizitzak (asteburuetakoak edo oporretakoak) gehituz gero, ia 60.000 (% 18). NASTATek, 2022an, etxebizitza hutsak eta bigarren erabilerakoak % 21etik gora zirela adierazi zuen. Metodologia desberdinak, baina ondorio bera: hamarnaka mila etxebizitza hutsik daude, etxebizitzarako sarbidea gero eta zailagoa den bitartean.
Egoera honen aurrean, erantzun publikoa ez da tamainakoa izaten ari. Duela sei urte martxan jarri zenetik, Erregistroak 1.800 inguru etxebizitza huts izendatu ditu. Eta kezkagarriena da urtero egiten diren izendapenen joera bera: urtez urte izendapenek behera egin dute, eta 2024an 86 etxebizitza besterik ez dira inskribatu Erregistroan. Tanta bat etxe hutsen uholde honetan.
Arazo hau zuzenean lotuta dago despopulazioarekin. Nafarroan, Gobernuak egin dituen etxebizitza hutsen mapa eta despopulazioaren mapa ia erabat berdinak dira: herriak hustu ahala, etxebizitza huts gehiago baitaude. Hala ere, logika hori ez da Erregistroko datuetan islatzen.
Gobernuak berak aitortzen du argitaratu berri duen Despopulazioaren Liburu Zurian: «Etxebizitza eskuragarri eta duinik gabe, ez dago lurraldean errotzerik ezta belaunaldi erreleborik ere».
Etxebizitza berrien eraikuntzari buruzko datuek esandakoa berresten dute. 2024an, sustapen berriko etxebizitzen % 76 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eraiki ziren, Nafarroako biztanleriaren % 68 bizi den eremuan. Honek zera esan nahi du, despopulazioaren inertzia zuzentzetik urrun, egungo ereduak areagotu egiten du lurralde arrakala.
Etxebizitza hutsen izendapena aipatzean, ez gara bigarren etxebizitzez edo etxebizitza turistikoez ari; horiek legez izendapenetatik kanpo geratzen dira. Etxebizitza huts izendatu daitezkeenak jabe berdinaren hirugarren etxebizitzetatik aurrera eta modu iraunkorrean hutsik daudenak dira. Eta etxe hauek erabileratik kanpo mantentzeak ondorioak ditu: gazteak herrietatik kanporatzen ditu, lurralde kohesioa ahultzen du eta gure herrien zahartzea azkartzen du.
Nafarroak baditu egoera iraultzeko tresna juridiko eta fiskalak, baina horien eraginkortasuna eskasa da, behar diren tresnak ez direlako behar bezala garatu. Lehen urratsa, ezinbestekoa, etxebizitza hutsen izendapena da, Nafarroako Gobernuaren eskumena dena, Etxebizitza Hutsen Erregistroaren bidez. Aurretiazko deklarazio hori gabe, gainerako pauso guztiak ezin dira eman.
Behin etxebizitza hutsa izendatuta eta Erregistroan inskribatuta, udalek Etxebizitza Hutsen Zerga ezarri dezakete, dagokion udal ordenantza onartuta. Zerga honekin, hirugarren etxebizitzatik aurrera modu iraunkorrean hutsik dauden etxebizitzen gainean lurralde ekarpenari errekargu bat ezarri ahal zaie. Gaur egun gutxi erabiltzen den tresna da, baina disuasio efektu nabarmena duena.
Errekargu hauekin batera, txanponaren beste aldea ere badago: pizgarri fiskal garrantzitsuak daude etxebizitza hutsak Nasuvinsaren Alokairu Poltsaren esku jartzen dituztenentzat, lortutako errenten % 90era arteko murrizketekin.
Errekarguak eta pizgarriak engranaje bereko piezak dira, etxebizitza hutsak mobilizatu eta haien funtzio soziala betetzera bideratuak.
Horregatik, etxebizitza larrialdi betean gaudela kontuan izanik, beharrezkoak dira bai etxebizitza hutsak mantentzen dituztenentzako errekarguak, bai prezio eskuragarrietan alokatzea erabakitzen dutenentzako pizgarriak. Bi neurriak osagarriak dira.
Duela gutxi, EH Bilduk sustatutako mozio bat onartu du Nafarroako Parlamentuak, Gobernuari eskatuz Etxebizitza Hutsen Erregistroa tresna informatikoen bidez automatiza dezan 2026ko maiatza baino lehen eta, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, udalei Etxebizitza Hutsen Zergaren aplikazioa errazteko udal-ordenantza eredu bat presta dezan. Ea mozio horrek behar den bultzada ematen dion auzi honi.
Izenburuak berak iradokitzen duen bezala, joan den urtean idatzi nuen jada izenburu bereko artikulu bat. Gai honi buruz berriro idatzi beharko banu, Nafarroako Gobernuak erronka handi honi anbizioz erantzun diola aitortzeko eta zoriontzeko izatea nahi nuke.