Trafiko isun faltsuen bidezko iruzur saiakerak ugaritzen ari dira: nola jakin multa faltsua dela

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 14a

Trafiko isun faltsu baten adibidea, kasu honetan gutun bidez bidalia Etxalarrera.

Azken hilabeteotan iruzur saiakerak ugaritu egin direla antzeman da. Badira aunitz gutun bidez hartu direnak, itxura eginez DGTk edo ML International abokatu enpresak bidaliak direla, eta existitzen ez diren isunak ordaintzea eskatzen dutenak QR batean sartuta.

Trafiko isunak beti posta ziurtatu baten bidez ailegatuko dira zure etxera; horrela ez bada edo jakinarazpen elektroniko legitimo baten bidez egiten ez bada, arrunt litekeena da iruzur bat izatea.

Iruzurgileek gero eta teknika hobeak erabiltzen dituzte jendea engainatzeko. Hortaz, zure etxean gutun bat hartu baldin baduzu trafiko isun bat ordaintzea eskatuz, izan Espainiako DGTk bidali izanaren itxura eginez edo berdin Hendaiako Herriko Etxearen izenean ML International abokatu enpresak bidalia dela irudikatuz, kasu eman, iruzur bat izan daiteke.

Kasu horietan, lehen lehenik mezua nondik datorren egiaztatu behar da beti, ea benetan trafikoan eskumenak dituzten organoetatik datorren ikustea; hala ez bada, arrunt litekeena da iruzur saiakera bat izatea.

Gutun honetan erraz ikus daitezke iruzurraren zantzuak: gaizki idatzita dago 'Comune d'Hendaye'; ordainketa egiteko QR kodea ageri da; Frantziako telefono aurrizkia ez da +39; arau haustearen datak eta komunikazioaren datak ez dute koherentziarik,…

 

Egiaztatu beti nork bidali dizun ustezko isuna

Goiko argazki honetan ikus daitekeen bezala, azken hilabeteotan, aunitzek isun jakinarazpen bat hartu dute. Eta badira gutun bidez izan beharrean, jakinarazpen faltsua SMS edo posta elektroniko baten bidez hartu dituztenak ere. Horien guztien ezaugarria da dirua premiaz erreklamatzea edo ustezko isuna ordaintzeko QR kode bat eskaneatzea edo esteka batean klik egitea eskatzea. Gogoratu ez DGTk eta ez bertze inongo erakunde ofizialek ez dutela inoiz isunik bidaliko bitarteko horiek erabiliz (gutun arrunta, SMS, posta elektronikoa…), komunikazioa beti modu ofizialean eginen dutela (gutun zertifikatu bidez).

 

Kontuz QR kodeekin eta logotipo imitatuekin

Engainatu ahal izateko, iruzurgileek isun ofizialen itxura ahalik eta hobekien imitatu nahi izaten dute, eta, horretarako, erakundeen logotipoak erabiliko dituzte, baita QR kodeak edo estekak ere, agintarien itxura egiteko. Kontuz ibili behar da horrelako estekekin eta QR kodeekin; iruzurra egiteko prestatuak daude, eta datu pertsonalak lortzea edo ordainketa bat egitea bilatzen dute. Kasu horietan, horrelako QR koderik ez eskaneatzea da aukerarik onena.

 

Begiratu ongi komunikazioaren xehetasunak

Isun ofizialek badituzte bertze komunikazio ez-ofizialetatik bereizteko balio duten zenbait ezaugarri. Akats ortografikoak eta gramatikalak, itzulpen okerrak edo susmagarria den bertze edozein akats aurkitzen baduzu, baliteke tranpa bat izatea. Begiratu gutun azala, eta baita barnean duen gutunaren gibeleko aldea ere; izan ere, gutunaren atzeko alde hori hutsik baldin bada, gutun faltsua dela adieraz dezake.

Laburbilduz, erakunde ofizialetatik datorren egiazko komunikazio batek beti izanen du honako informazio hau:

  • Ordaindu beharreko diru kopurua eta aplika daitezkeen deskontuak.
  • Ordainketa egiteko jarraibideak agiriaren gibeleko aldean.
  • Arau haustearen arrazoia.
  • Erreferentzia zenbakia ordainketa egiterakoan jartzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun