Badira urte batzuk Cederna Garalur lanean ari dela, udalek bultzatuta, «Nafarroako Mendialdean eta Bertizarana-Bortziriak-Malerrekan tokiko elikadura sistema indartu nahian». Ekintza eta proiektu ugari egin dituzte gaiari buruz, «horietako batzuk elikagai ekoizpenari bultzada emateko helburuz. Izan ere, elikagaien ekoizpena tokiko elikadura sistemen oinarria da, eta arlo horretan ditugu erronka handienak».
Hori dela eta, hurrengo asteetan bilera irekiak eginen dituzte, «orain arte egin dugun lanaren berri emateko eta sektorean aritzen direnen edo aritu nahiko luketen egoera, interes, nahi eta beharrak entzuteko». Hurrengo egunetan izanen dira bilerak:
- Larraun. Gabari Gune Irekian, otsailaren 13an, 17:00etan
- Imotz. Etxalekuko udaletxean, otsailaren 14an, 11:00etan
- Goizueta. Udaletxean, otsailaren 25ean, 18:00etan
- Leitza. Mimukai Garapen Zentroan, otsailaren 26an 17:30ean
- Araitz. Udaletxean, otsailaren 27an, 16:00etan
- Doneztebe. Udaletxean, martxoaren 3an, 18:00etan
- Arantza. Liburutegian, martxoaren 5ean, 18:00etan
- Zubieta. Udaletxean, martxoaren 13an, 18:00etan
- Lesaka. Udaletxean, martxoaren 14an, 10:00etan
Azaldu dutenez, «nekazaritzan lanean ez hasteko arrazoi ugari egoten ahal dira: lursail falta, inbertsioak egiteko zailtasun ekonomikoak, bideragarritasun ekonomikoarekin zalantzak, formakuntza falta… Gure eskualdeetako errealitatean eta problematika zehatzetan sakondu nahi dugu. Ba al dago lehen sektorean aritu nahi duenik baina zailtasunen ondorioz lortu ezinik dabilena? Zein dira jadanik horretan dihardutenek dituzten erronkak? Zertan izan ahal zaie lagungarri tokiko elikadura sistemaren inguruan egiten ari garen lanketa? Zein formakuntza behar dute? Ba al dute baliabide kolektiboen beharrik? Zerk lagundu ahal die beraien ekoizpena eskualdean bertan saltzeko?».
Saioak Hornitova proiektuaren barnean daude, eta nekazaritzako berrikuntzei zuzendutako dirulaguntza jaso dute. Edozein zalantza argitzeko Cederna Garalurrek eskuragarri ditu hurrengo helbideak: bidasoa-elikadura@cederna.es Baztan-Bidasoan eta mendialdea-elikadura@cederna.es Mendialdean.