Hainbertze aldiz egin dugu negar elkarrekin, Markel. Eta ez dut imajinatu egin nahi zenbat aldiz egin ote duzun negar zuk bakarrik, nire sufrimendua saihesteko.
Nahiz eta zuk aunitzetan ez didazun deus kontatzen, badakit, zure anai-arrebek bizitu dutelako eta erran didatelako, ohikoa dela pertsona batzuk zurekin sartzea eta zu iraintzea, zure orientazio sexuala dela eta.
Eskerrak zuk, Markel, zure izaerari esker, garrantzia kendu eta aitzinera segitzen duzun.
Eskerrak, Markel, nik zaren bezala maite zaitudalako. Eta zaren bezalakoa izaten segitzea nahi dudalako. Izan zoriontsu, eta ez aldatu: zuk ez diozu inori kalterik egiten. Aldatu behar duten bakarrak zu iraintzen zaituzten pertsonak dira, errespetatzen ez dakitenak.
Markel, zuk gauza aunitz erakutsi dizkiguzu: bizitza bertze ikuspegi batetik ikusten, bertze errealitate batzuk entenditzen, bertze modu batez solas egiten... Azken finean, bizitzan ez dago bide bakarra, ezta kolore bakarra ere, aunitz baizik!!!
Eta gutun honen bidez, nire babesa publikoki adierazteaz gain, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut mezu hauek bidaltzeko:
Eskerrak eman nahi dizkiot zu errespetatzen zaituen eta zaren bezala maite zaituen jende guziari, eta zure lagunei, erakutsitako babesarengatik.
Zure sexu orientazioagatik zurekin sartzen diren pertsona horiei, iraintzen zaituzten pertsona horiei, berriz, hau erran nahi diet: antzeko egoera bizitzea tokatzen bazaizue, opa dizuet zuen seme-alabek inoiz ez jasatea nire semeari zuek eragin dizkiozuen eraso eta errespetu faltak, zuen jokabidearekin sufrimendu aunitz sortzen duzuelako.
Eta nola ez, gure egoera berean dauden pertsona eta familia guztiei, besarkada bat, eta indar aunitz!!!