Santa Ageda bezperan kopla kantari aterako dira aurten ere hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 3a

Goizuetan herritar guztiei Agate Deuneko kalejiran parte hartzeko gonbidapena egin die Umore Ona abesbatzak.

Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, kopla kantari ateratzeko ohitura mantentzen da hainbat herritan. Leitzaldean, Goizuetan eta Leitzan aterako dira, gehienak asteazken arratsalde-gau partean. Bortzirietan, berriz, Tantirumairu eta Labiaga ikastoletako ikasleek eusten diote ohiturari eta asteazken goizean ibiliko dira lesakarrak eta arratsaldean beratarrak karrikaz karrika, musikarien laguntzarekin, eskean. Baztan Ikastolako ikasleek ere izaten dute kantari ateratzeko ohitura.

Baztan Ikastolako ikasle eta irakasleak asteazkenean 10:45ean parkeko Ikastolan elkartu eta 11:00etan Elizondon barrena kantari, eskean abiatuko dira. 12:00ak inguruan zahar etxe inguruan emanen diote akabera goizari.
 
Berako Labiaga ikastolako ikasleak 15:00etan aterako dira Eztegarako eraikinetik eta Kanttonberri, Legia, herriko etxea, Iturlandeta eta zahar etxean barna bueltatuko dira ikastolara. 16:30etik aitzinera Eztegarako eraikinean merienda eskainiko zaie parte hartzaileei (txokolate beroa eta bizkotxo puska bat), guraso taldearen eskutik.
 
Lesakako Tantirumairu ikastolakoak  11:00etan aterako dira koplak kantatzera. Albistur karrikako obrak direla eta ibilbidea aldatu beharko dute baina, bertzeak bertze, zahar etxera hurbilduko dira eta plazan ere kantatuko dute.
 

Leitzan eta Goizuetan

Leitzan, goizez haurrak etxez etxe ibiliko dira Agira-agirando abestu eta limosnatxo bat eskatuz. Ilunabarrean, berriz, Agate Deun bezperako koplen txanda izanen da eta makilak eskuetan, trikitilari, akordeoilari, bertsolari eta txistulariekin kalejira eginen dute.
Goizuetari dagokionez, duela urte batzuk berreskuratu zuen Umore Ona abesbatzak Agate Deun bezperako ospakizuna eta, aurten ere, egin dute hitzordua. Otsailaren 4an, asteazkenean 18:30ean, elkartuko dira eta kopla kantari ibiliko dira herrian, batean eta bestean geldialdiak eginez. Eskolara ere luzatu dute deialdia eta herritar guztiak ere gonbidatuta daudela azpimarratu nahi izan dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun