«Herri bezala daukagun erantzukizunaren inguruan eztabaida sustatu eta proposamenak gizarteratzeko» asmoa du eta ingurumenarekin lotutako hainbat eragilek sinatutako manifestua argitara eman dute
Stop Fosilak elkartea klima-aldaketak munduan eta Euskal Herrian dituen ondorioen eta «herri bezala daukagun erantzukizunaren inguruan eztabaida sustatu eta proposamenak gizarteratzeko» herritar taldea da, arreta berezia jarriz trantsizio energetikoan eta erregai fosilen arazoan. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, deskarbonizazioa lehentasun sozio-ekologiko handienetarikoa da, eta, erronka horri erantzuten lagundu asmoz, «energia berriztagarrien aldeko jarrera» sustatu nahi dute Euskal Herrian. «Gure helburua ez da proiektu zehatzen gaineko posizionamendu bat hartzea, baizik eta marko orokor bat gizarteratzea».
Trantsizio energetiko justu eta azkarra
Trantsizio energetiko justu eta azkarra nahi dutela azpimarratu dute, eta, bertzeak bertze, horrekin esan nahi dutena da «Pariseko Akordioak zehaztutako epe eta erritmoan egin behar dela, beti ere interes publikoari erantzuten dion lurralde plangintza batek gidatuta, jabetza eredu partekatuei atea irekiz, gizarte sektore zaurgarriak babestuz eta tokiko komunitateen ahotsa aintzat hartua izateko deliberazio prozesuak sustatuz». Stop Fosilak taldeak egin beharreko trantsizio energetikoaren nolakotasunean paratuko du azpimarra, horretarako proposamenak, hitzaldiak edo multimedia edukiak garatuz.
Horrez gain, trantsizio ekosozialaren hari mutur ezberdinen inguruko hausnarketarako espazioa ere bada Stop Fosilak, bertzeak bertze, hazkunde osteko paradigmaren, nahikotasunaren edo bizitza ona zer den birpentsatzeko beharraren inguruko eztabaida sustatuz.
Trantsizio justua izatea nahi dute, ongizate jasangarria sustatuz, nahikotasunaren bidetik, ongizaterako oinarrizkoa bermatu guztiontzat, planetaren mugen barrenean, burujabea, burujabetza energetikoa handituz eta herritarra, esku hartzea eta eredu publiko eta partekatua sustatuz.
Baina larrialdian gaudela kontuan hartuz, trantsizio azkarra ere izan behar duela uste du Stop Fosilak ekimenak, «Parisko Akordioaren epe eta erritmoarekin bat egin behar dugu, erreala izan behar du, ahalik eta justu, herritar eta ekologikoena, baina, errealista (dugun epe, indar-harreman eta testuinguru sozialean) eta iturrien aniztasuna ere azpimarratu duten, «mikro-eskala beharrezkoa da, baina, ez da nahikoa. Eskala eta iturri energetiko anitzak behar ditugu, denak batera garatuz».
Manifestua
Stop Fosilak taldea aurkezteko Bizitzaren alde, stop fosilak. Erregai fosiletatik berriztagarrietara. Trantsizio justu eta azkar baten aldeko manifestua izeneko manifestua ere aurkezten dute.
Manifestu horren helburua gure egoeraren larritasunaz ohartaraztea da, trantsizio energetiko justu eta azkarraren beharra gizarteratzeko asmoz. Hiru mezu nagusitan laburtu daiteke:
- Klima aldaketa da bizitzaren mehatxu handienetako bat XXI. mendean eta Euskal Herrian inpaktatzen hasi da. Denborarik gabe geratzen ari gara.
- Petro Herria: testuinguru horretan Euskal Herriaren egoera oso larria da. Erregai fosilen kontsumoa oso handia da (mixaren %80tik gora) eta oso menpekoak gara (%85-90). Gaur egun, erregai fosilen bandoan gaude.
- Berriztagarriak: Beraz, trantsizio justu eta azkar bat behar dugu erregai fosiletatik berriztagarrietara. Kontsentsu zientifikoaren arabera, klima ekintza eraginkorrenetakoa dira berriztagarriak. Oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, autokontsumoa sustatzearekin batera, parke eoliko eta fotovoltaikoak hemen eta orain behar ditugu.
Kontziente dira manifestuan gauza aunitz falta direla, laburra delako eta gaia berriz oso konplexua. Aitzinerago, Stop Fosilak ekimenak trantsizio justu eta azkarrerako zenbait printzipio proposatuko ditu, non azpimarra handiagoa jarriko duten bertzelako aspektuetan. Erraterako: nahikotasun energetikoaren beharra edo trantsizioa herritarra izatea.
Sinadurak
Manifestua Euskal Herrian ingurumenarekin loturiko erreferentziazko profil anitzeko pertsonek sinatu dute dagoeneko: akademiako ikerlariak, klima ekintzaileak eta mugimendu ekologistako kideak, agroekologiarekin loturiko pertsonak…
Horien artean daude: Gorka Laurnaga, Lorea Flores, Markel Peñalba, Arturo Elosegi, Ester Galende, Elise Dilet, Angel Riera, Beñat Irasuegi, Yaguta El-Mokhtar Moulay, Itxaro Latasa, Mikel Gonzalez-Eguino, Unzalu Salterain, Jon Urzelai, Maria Loroño, Juanma Intxaurrandieta, Nicolas Goñi, Aiora Zabala, Alex Tro, Joxerra Aihartza edo Gemma Barricarte, bertzeak bertze.
Informazioa gehiago webgunean: www.stopfosilak.eus