Eskuz binakako pilota txapelketako Durangoko jardunaldian ez dute garaipenik lortu eskualdeko emakumeek

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 2a

Bertiz, Zabaleta, Arrillaga eta Aldai igandean Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Gorriek nagusitasunez irabazi zuten.

Emakumeen Master Cupeko eskuz binakako txapelketa nagusiko jardunaldi bikoitza izan zuten igande goizean Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Zortzi pilotarietatik hiru eskualdekoak ziren eta hiruak galtzaile izan ziren: Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Nahia Bertiz sunbildarrak, bikote eginez, 14-22 galdu zuten Aldairen eta Arrillagaren kontra. Alize Sagardui gazte goizuetarrak eta Gamindek, berriz, 18-22 galdu zuten Ruiz de Infanteren eta Mendizabalen kontra.

Zabaleta leitzarrak eta Bertiz sunbildarrak 14-22 galdu zuten Aldairen eta Arrillagaren kontra eta Sagardui goizuetarrak, Gaminderekin batera, 18-22 Ruiz de Infanteren eta Mendizabalen kontra

Lehen partidan Amaia Aldai nabarmendu behar da. Dimoztarrak sekulako partida jokatu zuen eta berak ezarritako erritmoarekin hautsi zen lehia. Arrillaga ere seguru aritu zen atzean eta arazo handiegirik gabe gainditu zuten Zabaletak eta Bertizek osatutako bikote gaztea (22-14).

Mendizabal, Ruiz de Infante, Gaminde eta Sagardui. Partida berdindua jokatu zuten, baina azkenean urdinak gailendu ziren.

Bigarren partida gogorragoa eta orekatua izan zen, azken txanpara bi tantoren aldearekin baino ez ziren sartu Ruiz de Infante eta Mendizabal (19-17), baina partida bukaeran Sagardui eta Gaminde ez ziren markagailuari buelta emateko gai izan, aurkariak gehiago izan zirelako (22-18).

Datorren asteburuan jardunaldi berezia jokatuko da, lehen aldiz Binakako Txapelketa Nagusiko jaialdi bat Ipar Euskal Herrian jokatuko da eta. Itsasun izanen da, bertako Xalbador kolegioaren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun