Oronoz-Mugairin eginen duten eguneko zentroari buruzko bilera egin dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 30a

Aurten bigarren faseko eraikuntza lanak egitea aurreikusi dute eta horretarako 150.000 euroko dirulaguntza hartuko dute eskualdeko 21 udalek

Oronoz-Mugairiko Zunda etxean eraikitzen ari diren eguneko zentroaren inguruko informazio bilera egin zuten atzo goizean Donezteben. Desgaitasuna duten 65 urtetik beheitiko pertsonei zuzendua egonen da zentroa eta eskualdean haren beharra «nabaria dela» diote. Horren harira, duela urte batzuk eskualdeko hainbat familia, Gizarte Zerbitzuak eta udalak lanean hasi ziren eskualdean eguneko zentro bat eraikitzeko helburuarekin. 2023an eman zituzten proiektuaren lehen pausoak, Xareta, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako 21 udalen elkarlanaren ondorioz.

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdi baten bidez, 2023an proiektuaren idazketa egin zen eta 2024an eraikuntza faseari ekin zioten. Dirulaguntzaren «gorabeherak» tarteko, eraikuntza bi fasetan egitea erabaki zuten eta dagoeneko lehenbiziko fasea egina dago, hau da, eraikinaren egitura berritua dago.

Aurten bigarren faseko eraikuntza lanak egitea aurreikusi dute horretarako 150.000 euroko dirulaguntza hartuko dute 21 udalek. Dirulaguntza hori EH Bilduk negoziatu du Nafarroako Gobernuarekin, «honen aurrekontuak aitzinera ateratzea ahalbidetzeko babesaren truke egindako akordioan». Bigarren fase honekin akituko dituzte eraikuntza lanak eta orduan etxea prest egonen da eguneko zentro gisa baliatzeko. 

Horren inguruko informazioa emateko eta etorkizunera begira zentroaren kudeaketa eta funtzionamenduari buruzko zalantzak eta ekarpenak partekatzeko helburuarekin, bilera egin zuten atzo Doneztebeko Galbaraialde eraikinean. «Argi gelditu zen eskualdeak halako baliabide baten beharra duela, atzoko bileran izandako parte hartze zabal eta anitzak islatzen duenez. 45 lagun inguru elkartu ziren, tartean, udal ordezkariak, familiak eta desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten erakunde, profesional eta ikastetxeak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun