Urumealdeko makropriektu eolikoen kontra elkartu dira Oiartzunen eta Hernanin

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 30a

Oiartzungo Lintziringo Repsol gasolindegian egindako elkarretaratzea.

Urumeako Mendiak Bizirik eta Bianditz-Domiko Bizirik plataformek bi elkarretaratze egin dituzte ostegunean, Makroproiektu eolikorik ez! Repsol kanpora! lelopean. Lehenbizikoa Oiartzunen izan da, Lintziringo Repsol gasolindegian, bestea Hernanin, Txillida Lekuko Repsolean.

Repsolek «Artikutza, Arano, Goizueta, Hernani, Lesaka eta Oiartzun inguruko mendiak txikituaz kapitala metatzen jarraitu nahi duela» salatu dute

Elkarretaratzean aipatu dutenez, «Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzera etorri gara. Multinazional honek hamarkadak daramatza mundu osoan zehar bizitza suntsitzen. Ezagutzen dugun enpresa kutsakorrenetako bat izateaz gain, hegoaldeko zapaldutako herrietan txikizioak egiten jarraitzen du gaur egun ere, bertako herriak eta ingurune naturalak suntsituz».

Gainera, «hilabete honen hasieran denok ikusi dugu Josu Jon Imaz (Repsoleko kontseilari ordezkaria) Trumpen mesedetara lanean, azken honi eskerrak ematen Venezuelako hiriburua bonbardatu eta bertako presidentea bahitzeagatik, bertako ondasunak lapurtzen jarraitzeko», adierazi dute.

 

Hernaniko Txillida Lekuko gasolindegian egindako elkarretaratzea.

Urumeako Mendiak Bizirik eta Bianditz-Domiko Bizirik plataformek diotenez, «erregai fosilen negozioan sakontzen duen bitartean, multinazional bera da Artikutza, Arano, Goizueta, Hernani, Lesaka eta Oiartzun inguruko mendiak txikituaz kapitala metatzen jarraitu nahi duena, oraingoan 200 metroko altuerako haize errotez osatutako makro zentral eolikoak jarriz». Endesa multinazionalak ere beste proiektu bat ere badu inguru honetan eta bi plataformek argi daukate horrelakorik ez dutela onartuko: «Hau ez da guk egin nahi dugun ibilbidea, Repsol bezalako multinazionalen proiektuei irmoki ezetz esatea beharrezkoa da. Makroproiekturik ez hemen ez inon! Mendien industrializazioa gelditu! Repsol eta Endesa kanpora!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun