[GUTUNA]: Orain dugun zerbitzu hau ez badugu erabiltzen, galtzeko arrisku handia dugu

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 31

«Zerbitzu bat galtzeko arriskuan gaudelako», gutun honen bitartez alarma deia zabaldu nahi dute AFANeko hiru erabiltzailek, Lesakako Ramonitak, Igantziko Josefak eta Etxalarko Blankik. Izan ere AFANek, Alzheimerra eta bertze dementziak dituzten Pertsonen Senideen Nafarroako Elkarteak, Lesakan ematen duen zerbitzua murriztu egin du, eta hilabetean behin etorri beharrean, orain bi hilabetetik behin etorriko dela. Arrazoia: «Iruñea edo Tuterarekin konparatuta, hemen jende gutti etortzen dela zerbitzu hau erabiltzera».

AFANeko erabiltzaile gisa (Nafarroako Alzheimerra eta bertze dementziak dituzten Pertsonen Senideen Elkartea), Bortzirietako eta Malerrekako familiengana jotzen dugu, gure ustez arrunt baliotsua eta beharrezkoa den zerbitzu bat ezagutzera emateko.

Orain arte hilabetean behin, dementzietan espezializatutako psikologo bat etortzen zen Lesakara zaintzaile gisa aritzen garenoi laguntzera. Psikologo honek gaixotasuna hobeki ulertzen, gure senideak hobeki zaintzen eta geure burua ere zaintzen laguntzen digu.

AFANeko psikologoak alzheimerraren eta dementzien inguruko informazioa, aholkularitza, prestakuntza… eta banakako eta taldeko terapia eskaintzen digu, eta hori dena familia bakoitzak duen beharren arabera.

Orain arazoa da, dugun zerbitzu hau erabiltzera jende gutti etortzen denez, zerbitzua murriztu eginen dela, eta hilabetean behin etorri beharrean, bi hilabetetik behin etorriko dela.

Penagarria iruditzen zaigu gure inguruan alzheimerra eta bertze dementziak dituzten pertsonen senideendako hain zerbitzu garrantzitsu, hurbil eta arrunt ekonomikoa dena, gainera, galtzen uztea, parte hartze faltagatik. Bertze behin ere, herri ttikietako biztanleok oinarrizko baliabiderik gabe gelditzeko arriskua dugu, eta hori desilusio handia da guretzat.

Dementzia duen pertsona bat zaintzen ari bazara, animatu eta eman izena. Zenbat eta familia gehiago izan, orduan eta errazagoa izanen da zerbitzu hau mantentzea.


Nola egin behar da informazioa jasotzeko eta izena emateko?

AFAN elkartera deitu bertzerik ez da egin behar.
948 275 252 / 693 40 21 75

Ez dezagun galdu daukagun apurra.
Laguntza hori izatea ikaragarrizko aldea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun