Ondoko asteetan «deialdia zabaldu eta lantokiz lantoki grebarako arrazoiak langileekin partekatzeko» intentzioa du Baztan-Bidasoko LABek, haren hitzetan, «grebarako arrazoiak ez direlako falta: Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago hartuko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke guttieneko soldata bermatzeko». Horrekin batera, «Euskal Herriko errealitatera egokitutako guttieneko soldata» exijitu dute: «Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen».
Patronalaren jarrera ere kritikatu du LABek, «guttineko soldata negoziatzeari uko egin» diola salatuz: «CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat sortzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aitzinetik pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten».
LABen hitzetan, «eremu pribatuan eta publikoan etengabe langileon soldatei eraso egiten ari dira. Orain, absentismoaren mantrarekin murrizketa berriak inposatzera heldu dira».
Egoera ikusita, greba orokorrerako deia eginez «langileon indarra» erakutsi nahi dute: «1.500 euroko guttieneko soldata lortzeko, arrakala matxista eta arrazistak murrizteko, soldata guziak goitirantz bulkatzeko, enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko, guttieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko, sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko, soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko».
«Mobilizatzeko hamaika motibo» direla iritzita, «Baztan-Bidasoko langile guziei gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egin duen greba orokorrerako deiarekin bat egiteko» eskatu diete.

