«Tarte horretan zenbait lorpen eskuratu» dituztela azpimarratu zuten, «baina oraindik aunitz da lortu gabe dagoena». Hala, Euskal Herriko mugimenduak astelehenero plazetara ateratzen segituko duela berretsi zuten, eta Baztan-Bidasoko mugimenduaren kasuan, hilabetero.
Elizondoko elkarretaratzean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari «beraien diskurtso ponpoxoen gibelean, jarrera axolagabea eta praktika baztertzailea» izatea leporatu zieten. «Eusko Jaurlaritzak 145.142 herritarren eskariei bizkarra emanez erantzun du, baina Nafarroako Gobernuak hein handi batean onartu du pentsiodunon aldarrikapena. Hala ere, Guttieneko pentsioa=Guttieneko soldata aldarrikatzen segituko dugu».
Gainerakoan, «zerbitzu publikoak pribatizatzeko interesak handiak» direla salatu zuten, eta alde horretatik, «pentsiodunon eta bertze mugimenduen mobilizazioekin segitzeko beharra» agerian utzi nahi izan zuten.
Gehiengo sindikalak guttieneko soldata propioa eskatuz martxoaren 17rako egin duen greba orokorraren deialdiaz ere aritu ziren, «grebaren lanketan parte hartuko» dutela erranez.
Eta 2023ko azarotik egin dituzten elkarretaratzeetan egin bezala, Palestinako genozidioa gaitzetsiz borobildu zuten hitzordua. Horrekin lotuta, «Europa mailan Europako Batasunak Israelekin duen akordioa osorik eteteko eskatuz abian den ekimena» txalotu zuten: «Ekimen honek jendearen parte hartzea eskatzen du, sinadura bilketa masiboaren bidez».