Martxan da Saharako haurrak etxean hartzeko 2026ko Oporrak Bakean programa

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 20a

Saharaztan elkarteak programan parte hartzera animatu ditu eskualdeko familiak eta otsailaren 18ra arte eman daiteke izena

Aurten ere udako oporretan Saharako haur errefuxiatuak etxean hartzeko programa abiatu dute Nafarroan. Baztan-Bidasoan harrera familia izateko interesa dutenek edo informazioa nahi dutenek Saharaztan elkartearekin jar daitezke harremanetan, saharaztan@hotmail.com helbidean edo hurrengo telefono zenbakietan: Xareta eta Baztanen 659 55 30 14, Malerreka eta Bertizaranan 635 59 93 06 eta Bortzirietan 646 43 14 35. Eskualde horretatik kanpokoek eskuragarri dute ANAS elkartearen 626 50 24 95 zenbakia.

Saharaztanek adierazi duenez, «harrera familia izateko edozein familia egitura onartzen dira: guraso bakarrak, haurrik gabeko bikoteak, haurrak edo nerabeak dituzten familiak… Egin beharrekoa hasieran programan izena ematea eta dagokion dokumentazioa prestatzea da».

Uda ailegatzean, berriz, «prestaketa bileretan parte hartzea komeni da, harrera egiteko gomendioak eta bertze esperientziak partekatzen direlako. Adin ttikiko neska edo mutiko baten zainketaren ardura asumitu behar da: oinarrizko osasun arreta eskaini eta etxeko ohiturak eta herriko parte hartzea ahalbidetu, atsedena, aisialdia, gure hizkuntza eta bertzeak eskainiz».

Esperientzia «aberasgarria» da, «ez bakarrik beharretan diren milaka haur eta errefuxiatu sahararrendako, baita harrera familia eta harrera herri garenondako ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun