Leitzaldeko eskolarteko topaketetako logoa berritzeko lehiaketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 13a

Goizuetan egin zituzten azkeneko topaketak. Aurten, aresoarren txanda izanen da.

25. edizioa ospatzeko topaketen izaera eta balioak islatuko dituen logo berria sortzea adostu dute.

Maiatzaren 30ean, Areson eginen dituzte Leitzako, Goizuetako, Aresoko, Aranoko eta Ezkurrako haur, guraso eta eskola arteko topaketak. 25. edizioa izanen da aurtengoa eta hori ospatzeko logo lehiaketa antolatzea erabaki dute. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei eta haien familiei zuzenduta dago lehiaketa eta banaka edo familiaka parte hartu daiteke.

Topaketen izaera eta balioak islatuko dituen logo berria sortzea da helburua. Leitza, Goizueta eta Areso eskola komunitatearen arteko lotura erakutsi beharko du logoak eta urtero lekukoa herriz aldatzen dela. Gainera,  XXV. edizioaren izaera berezia nabarmentzea ere kontuan izan beharko dute. Ez da derrigorrezkoa elementu guztiak azaltzea, baina gomendagarria da topaketekin lotura bisuala izatea.

Lehiaketan parte hartzeko azken eguna otsailaren 12a izanen da. Lanak marrazki, pintura edo teknika digital bidez sor daitezke. Koloretan edo zuri-beltzean eta A4 formatua gomendatu dute. Digitalki aurkezten badira, JPG, PNG edo PDF formatuan aurkeztu beharko dira. Eskolan, paperean entregatu edo emaila bidali daiteke cpleitza@educacion.navarra.es, cpgozuet@educacion.navarra.es edo cpareso@educacion.navarra.es helbideetara. Otsailaren 12tik aurrera jasotako lanak ez dira lehiaketan sartuko. Epaimahaia eskolako irakasle, guraso eta gizarte zerbitzuetako kideek osatuko dute. Sormena, topaketen balioekin lotura, originaltasuna eta diseinuaren erabilgarritasuna baloratuko dituzte.

Irabazleek Nafarroako Sendavivarako sarrerak lortuko dituzte (gurasoak eta haurrak)  eta parte hartzaile guztien artean  liburu-dendan erabiltzeko 30 euroko balioa duen kultur bonua zozketatuko dute.

Irabazlea martxoaren hasieran jakinaraziko da, eta bere lana izanen da XXV. topaketen logo ofiziala eta kartel, kamiseta eta bestelako euskarrietan erabiliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun