Demografia datuak

Erroldatutako biztanleria udalerriz udalerri: ikusi hemen azkeneko datuak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 11

Iruritako ikuspegia

Azkeneko 25 urteotako datuei erreparatuta, bilakaera positiboa du gure eremuko biztanleriak. Hala diote Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak eta Frantziako Insee Estatistika Institutuaren zenbakiek. Hala ere, batez ere herririk handienak dira hazi direnak ttikienen kaltetan.

12 udalerrik goiti egin dute

2000. urtetik honat, eskualdean dauden 27 udalerrietatik hamabitan biztanleriak goiti egin du eta bertze hamabortzetan beheiti. Bereziki Senpereko (% 62,62), Doneztebeko (% 36,28), Sarako (% 24,03), Iturengo (% 15,32) eta Donamariako (% 14,99) hazkundea dago horren gibelean. Eta neurri ttikiagoan, Berak (% 9,37), Bertizaranak (% 3,35), Baztanek (% 3,15), Leitzak (% 2,93), Elgorriagak (% 1,94), Etxalarrek (% 1,77) eta Lesakak (% 1,27) ere goiti egin dute.

15 udalerrik beheiti

Gainerako udalerrietan beheiti egin du 2000. urteaz geroztik, eta batzuetan, hagitz nabarmen gainera: Ezkurran (% 46,12), Aranon (% 28,48),  Goizuetan (% 24,47), Beintza-Labaienen (% 21,03), Saldiasen (% 17,22), Urrozen (% 15,87), Eratsunen (% 14,44), Areson (% 11,26) eta Oizen (% 10,42). Apalxeago bada ere, herri hauetan ere biztanleriak puntu batzuk beheiti egin du: Zubietan (% 5,54), Urdazubin (% 5,10), Zugarramurdin (% 4,70), Arantzan (% 4,27), Igantzin (% 1,70) eta Sunbillan (% 0,44). 

Despopulazio arriskuan dauden udalerriak

Nafarroako Gobernuak duela sei urte argitaratu zuen, Nafarroako udalerrien despopulatzeari buruzko ikerketa. 1989tik 2019rako datuak kontuan hartu zituen, eta Goizueta, Ezkurra, Eratsun eta Beintza-Labaien «despopulatzeko muturreko arriskuan» zeudela ondorioztatu zuen; «despopulatzeko arrisku nabarmena» Aranok zuela erran zuen eta «despopulatzeko arrisku handiarekin» eskualdeko bertze bederatzi udalerri izendatu zituen: Arantza, Areso, Baztan, Bertizarana, Etxalar, Oiz, Urroz, Saldias eta Zubieta.

Herri handienetan pilatua

Bada bertze datu adierazgarri bat. 27 herrietatik zazpi dira 1.500 biztanle baino gehiago dituztenak: Senpere (7.170), Bera (3.817), Elizondo (3.556), Leitza (3.025), Sara (2.720), Lesaka (2.715) eta Doneztebe (1.852). Horietan 24.855 lagun bizi dira, hau da, eskualdeko biztanleria osoaren ia hamarretik zazpi (% 67,95). 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun