Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketako finala Gipuzkoan jokatuko dute aurten

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 9a

Joan den urteko Euskal Herriko mus txapelketan Leitzako Jose Manuel Zabaleta eta Jose Miguel Gonzalez suertatu ziren txapeldun, parte hartu zuten 2.515 bikoteen artean.

2025ean hasi eta 2026ko martxoaren 28an Gipuzkoan, Amasa-Villabonan bukatuko den Euskal Herriko 17. Mus txapelketa abiatu da. Herriz herri jokatuko da lehen fasea otsailaren 22ra arte, herrialdeko finalak martxoaren 7an jokatuko dira zazpi herrialdeetan (Nafarroakoa Iruñeko Arrano elkartean eta Lapurdikoa Urruña-Pausuko Xaia ostatuan). Mus Federazioak, herrialdetako kanporaketen antolaketan parte hartzera deitu ditu mus zaleak. Gogoratu behar da joan den urtean 2.515 bikotek hartu zutela parte eta, denen artean, Jose Manuel Zabaleta eta Jose Miguel Gonzalez leitzarrak suertatu zirela txapeldun.

Asteburu honetan Donezteben, Leitzan eta Beran jokatuko dituzte kanporaketak

Eskualdeari dagokionez, asteburu honetan jokatuko dituzte lehen partidak. Donezteben, gaur berean, urtarrilaren 9an, ortziralean 21:00etan ariko dira Bixen ostatuan; urtarrilaren 10ean, larunbatean 16:00etan, Leitzako Torrean jokatuko dute; urtarrilaren 11n, igandean 16:00etan, Berako Espidobaita elkartean.

Zergatik Euskal Herriko mus txapelketa?

Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus hainbat mus txapelketa antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin zioten. Bide honetan sortu zuten Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako mus zale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindi, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dute beraien jarduna.

Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei  lekua eskaintzen diete herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dute Euskal Herri osoko txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun