24. Korrika

Martxoaren 24an ailegatuko da Korrika eskualdera

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 8a

24. aldiz eginen du aurten Korrika AEK-k eta eskualdean barna ere ibiliko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Martxoaren 24ko goizaldean sartuko da Beran barna eta arratsaldean aterako da Senperetik. Denera 96 kilometroz ibiliko da eskualdean. Aitzineko edizioan ez bezala, aurtengoan ez da ez Leitzaldetik ez Urumealdetik pasako, eta Malerrekan ere bi herritatik bakarrik pasako da. 

Martxoaren 19an hasiko da Korrika Atharratzen, eta bortz egun beranduago ailegatuko da eskualdera, asteartean, martxoaren 24an. Denera, 96 kilometro eginen ditu Korrikak gurean. Goizaldean sartuko da, eta arratsaldeko lehen orduan aterako. Eskualdea gibelean utzi, eta Bilbon bukatuko da korrika martxoaren 29an 12:00etan. 

Irudia handitzeko eta kalitate hobean ikusteko klik egin irudian.

Bortziriak

Bortzirietatik sartuko da  Korrika eskualdera. Irunen barna, Endarlatsako zubi azpitik, Bidasoko Bide Berdetik Berara ailegatuko da Zalaingo zubia gurutzatuta. 05:55ak aldera izanen da hori eta 06:10 aldera ailegatuko da Bera erdigunera, NA-8304 bidean barrena. Handik, berriz ere Bidasoko Bide Berdean barna, Lesaka herrigunera ailegatuko da 06:30ak alderako. 

Lesaka gibelean utzi, eta Piedadeko gainean barna, Igantzira ailegatuko da 07:00ak alderako, eta NA-4020 errepidean Igantziko Bentarako bidea hartuko dute. Handik, Bidasoko Bide Berdean barna, Sunbillara joanen da 

Malerreka

Malerrekan ere ez du bide handirik eginen Korrikak, Sunbillan barna sartu eta Donezteben barna aterako baita. 08:45 aldera ailegatuko da Sunbilla erdigunera, eta berriz ere Bidasoko Bide Berdean sartu eta Doneztebera joanen dira. 09:10etan ailegatuko da Doneztebeko Rosa Seminario karrikara. 

Bertizarana

Doneztebetik sartuko da Bertizaranara Korrika, NA-1210 errepidetik eta Narbarte 09:30ean eta Oieregi 09:35ean gurutzatuko ditu, eta Baztanera joanen da handik. 

Baztan

Oronoz-Mugairiko herrigunera 09:42ean ailegatuko da Korrika, eta Arraioz 10:05ean, Irurita 10:19ean eta Gartzain 10:30ean pasata, 10:43etarako ailegatuko da Elizondora. Elbete gibebelean utzi, eta N-121-B errepidean barna, Otsondo igoz Urdazubi aldera joanen da. 

Xareta

Kilometro mordoxka eginen ditu Xaretan Korrikak. Baztandik ailegatuko da Otsondon barna, eta Urdazubin sartu gabe, Dantxarinetik 13:00ak aldera pasako da. Handik, Zugarramurdirako bidea hartuko du, eta Zugarrmurdiko plazan izanen da 13:30ak aldera.

Zugarramurditik Sarara bidea hartuko du, eta 14:00etarako Sara erdigunean izanen da. Handik, Senperarako bidea hartuko du, eta 15:16etarako Senpere erdigunean izanen da.

Korrika hiriburuetan noiz?

2.175 kilometro eginen ditu denera Korrikak. Aurten, gainera, kilometro bakoitzean esku hartze bat baino gehiago izanen dira, denera 3.436 lekuko hartze. Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da. 

Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da Zuberoak hiriburura. Donibane Garazin, martxoaren 20an, ortziralearekin, izanen da, gaueko ordu ttikietan,  02:50ean.

Iruñera, martxoaren 22an ailegatuko da da, igandearekin; Iruñea kanpoaldeko auzoak gurutzatu, Alde Zaharrera bazkalorduan ailegatuko, 14:30ean.

Martxoaren 24an, asteartea, Baionaren txanda iritsiko da, 20:30ean. Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da: goizean ailegatuko da eta kanpoaldeko auzoetan itzulia eginda Parte Zaharrean 12:00etan izanen da. 

Gasteizera martxoaren 27an, ortziralea ailegatuko da 21:00ak aldera eta azken hiriburua eta bukaera Bilbon izanen da martxoaren 29an 12:00etan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun