Errege Magoen bisita espero dute gaur eskualdeko herri batzuetan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 5a

Joan den urtean, Elizondon Errege Magoei ongietorria egin zieteneko argazkia.

Bertzeak bertze, Arantzan, Areson, Beran, Donezteben, Elizondon, Eratsunen, Goizuetan, Igantzin, Leitzan, Lesakan eta Sunbillan geldialdia eginen dute Errege Magoek. 

Arantza

Arantzara 18:45 aldera ailegatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak eta euren laguntzaileak. Herriko musikariak izanen dituzte bidelagun. Herritarrek herri sarreran harrera eginen diete eta handik lehenbizi plazara eta ondotik elizara joanen dira. Elizan opariak banatuko dizkiete haurrei.

Areso

17:00etan haurrak aterako dira zintzarriak jotzera eta iluntzean Erregeak etxez etxe ibiliko dira.

Bera

15:30ean hasita, Errege Magoen pajeak herriko karriketan barna ibiliko dira gutunak biltzen. Ibilbide hau eginen dute: Agerra, Bidasoa karrika, Izpoz karrika, Iparkarrika, Burga plaza, San Esteban karrika, Gernikako arbola karrika, Herriko etxeko plaza, Legia karrika, Legia karrikatik Iturlandetara, Iturlandeta karrika, Eztegara pasealekua, Julio Caro Baroja pasealekua, Uraldea karrika, Altzate karrika, Altzateko Jaunaren plaza eta Frantxia Haltzuet Altzate plaza.

Kabalkada, berriz, 18:30ean hasiko da.Kanttonberri karrikatik abiatuta, Eztegara pasealekuan barna pasatuko dira, eta Bidasoa karrikatik Gernikako arbolaren karrikara joanen dira. Herriko etxeko plazan bukatuko dute ibilbidea. Eguraldi txarra baldin bada, ekitaldia Eztegara pilotalekuan eginen dute, ordu berean.

Doneztebe

11:00etan pajeak herrian barna ibiliko dira eta 12:00etan eliz atarian gutunak bilduko dituzte. 18:00etan, berriz, kabalkada hasiko da. 

Elizondo

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Erregeek eta haien laguntzaileek Elizondon ere eginen dute geldialdia gaur. Horretarako, 19:00etan egin dute hitzordua. Zahar etxe aldetik sartuko dira Elizondora eta herrian barna buelta eman ondotik, plazan akituko dute itzulia. Herritarrek han eginen diete ongietorria.

Eratsun

Eratsunen ere festa eguna izanen dute gaur. 18:30 aldera ailegatuko dira Errege Magoak eta opariak banatuko dituzte. 

Goizueta

Errege kabalkada 18:30ean hasiko da. Suhiltzaileen etxe aldetik sartuko dira herrira eta ekitaldia eta opari banaketa frontoian eginen dute.

Igantzi

Igantzin, berriz, 19:00 aldera kabalkada hasiko da eta ondotik, opariak banatuko dituzte elizan.

Leitza

Atzo arratsaldean erregeen laguntzaileak haurren eskutitzak biltzen ibili ziren, eta gauerdian, berriz, zintzarri jotzea egitekoa zuten plazatik abiatuta. Gaur, berriz, goizean umeek hartu dute zintzarri jotzearen erreleboa, eta arratsaldean, 18:30 aldera ailegatuko dira Errege Magoak eta haien laguntzaileak Leitzara.

Lesaka

Lesakan ere errege kabalkada eginen dute gaur arratsaldean. 17:00etan Erregeen postariak eskutitzak bilduko ditu plazan eta 18:00etan Errege Magoen kabalkada hasiko da: Matxinbeltzenean barna sartuko dira, handik Ziobi aldera joanen dira eta Eskolttikitik pasatuta, frontoian bukatuko dute ibilbidea.

Sunbilla

Santiburtzion barna ailegatuko dira Errege Magoak Sunbillara eta herrian barna itzulia eginen dute: Itturburun beheiti Karrika Nagusira joanen dira, segidan, zubi zaharretik goiko auzorako bidea eginen dute eta ondotik, Kaikuren etxetik Txangonera eta Harbizti karrikara; handik Leku Ederrera eta azkenik, 19:00etan, Elizara. Meza akitu ondotik, haurrek Erregeei eskutitza eman eta haiek agurtzeko aukera izanen dute eta hori akitzean, Erregeek ibilbidearekin segituko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun