2-1 (14-15, 15-6 eta 8-3) nagusitu zitzaizkien Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Larrañagari larunbatean Galarretan jokatutako final nagusian
Lehenengo jokoa izan zen finaleko onena. Hasiera izugarria izan zen eta espero bezala aurrelariak ziren erritmoa markatzen zutenak. Ezkurrak tantoaren agintea hartu eta berehala erantzun zion Ansak. Horrela joan ziren lehen tantoak. Hirunako berdinketaren ondotik, Ansa urnietarrak eta Zubiri goizuetarrak 7-3ko aldea ireki zuten markagailuan eta lau tantoko aldea 10-6an mantendu zen. Orduan berotu ziren partida eta pilotariak. Larrañagak hiru tanto egin zituen saketik eta Ezkurraren beste hiru tantok 10-12 aurretik jarri zituzten urdinak 0-6ko partzialarekin. Hamabina berdindu zuten gorriek Ansaren bi pilotakada azkarrekin, eta lehen jokoko azken bost tantoak bikainak izan ziren, batez ere 12-14koa, Ezkurrak bi pareta batekin akitu zuena. Ansa eta Zubirik ez zuten amore eman eta aurrelariaren beste bi tantok 14nako berdinketa ekarri zuten. Azken tantoa Ezkurrak ezker paretara egindako pilotakada azkar batekin iritsi zen. Ansak amorruarekin kantxara bota zuen kaskoa, baina horrek ez zuen deszentratu.
Bigarren jokoa guztiz ezberdina izan zen. Gorriak jaun eta jabe izan ziren. Zubirik sei tanto egin zituen saketik eta bigarren jokoko protagonista nagusia izan zen. Tanto bat gehiago egin zuen piloteoan eta jokoan nagusi izan zen Ansaren laguntzarekin. Gorriak serio, hutsik egin gabe, eta ekimena eramanez 14-3 aurreratu ziren markagailuan eta 15-6ko markagailuarekin finala berdindu zuten.
Hirugarren joko erabakigarria berdinduago hasi zen. Hirunako berdinketarekin hasi zen joko erabakigarria. Atzelariek tanto bana egin zuten saketik eta aurrelariek bi tanto egin zituzten jokaldian, baina azken tantoek bigarren jokoko joera berarekin jarraitu zuten. Gorriek bolada onean segitzen zuten eta urdinek itzalita. 4-3koa Larrañagaren falta baten ondotik iritsi zen eta 5-3koa Ezkurraren huts batekin beheko koltxoira. 6-3koa Ansak bukatu zuen eta 7-3koa Zubirik egin zuen saketik. Ansaren pilotakada batekin bukatu zen finala. Ansa II.ak eta Zubirik lehen txapela irabazi zuten eta Ezkurra eta Larrañaga bigarren eta hirugarren txapelik gabe utzi zituzten, hurrenez hurren.
Lehenengo jokoaren ondotik gorriak hazi ahala urdinak txikitu egin ziren. Partidako zenbakiak honako hauek izan ziren: Ansak 17 tanto egin zituen piloteoan lau akats. Zubirik hamar tanto egin zituen saketik, piloteoan bat eta behartu gabeko bi huts. Urdinetan Ezkurra II.ak 14 tanto egin zituen piloteoan eta sei huts. Larrañagak lau tanto egin zituen saketik, falta bat saketik eta behartu gabeko bi akats piloteoan, piloteoan tantorik egin gabe.
Goikoetxeatarrek irabazi dute bigarren mailako txapela
Bigarren Mailako finalak ez zuen hirugarren jokoaren beharrik izan, Ander Goikoetxea eta Joseba Goikoetxea, Julen Deskarga eta Ibai Martirena baino gehiago izan baitziren (15-10 eta 15-7). Merezimendu osoz jantzi zuten txapela, saiatu zen Deskargaren eta finalean apur bat desitxuratuta egon zen Martirenaren aurka.