Ansa II.a eta Aritz Zubiri goizuetarra, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarraren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute Galarretan
Urtarrilaren 2an, gaur arratsaldean, 16:30ean hasiko da jaialdia eta Aimar Jabalera doneztebarrak eta Barrenetea IV.ak, Aldaberen eta Azpirozen kontra jokatuko duten lehen partidaren ondotik, lehen mailako eta bigarren mailako finalak jokatuko dituzte. Bigarren mailako finalean, Deskarga eta Martirena, Goikoetxeatarren kontra ariko dira.
Lehen mailako finalari dagokionez, esperientzia handiko erremontistak izan arren, Ansa II.ak eta Zubirik ez dakite oraindik binakako txapela irabaztea zer den. Aldiz, Ezkurra II.ak azken txapela irabazi zuen Azpirozekin eta Larrañagak bi irabazi ditu dagoeneko 2019an Urrizarekin eta 2022an Segurolarekin.
Final berdindua espero da, bikoteak ere antzekoak direlako. Aukeratu dituzten pilotak ere antzekoak dira, biziak eta azkarrak.