Urtarrilaren 7an hasiko dute Nafarroaren iparralde osoan dermatosi nodularraren aurkako txertaketa kanpaina

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 1a

Abenduaren 19an abiatu zuten txertaketa kanpaina Ipar Euskal Herrian eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu osoan eta, heldu den asteazkenean, urtarrilaren 7an, hasiko dira behi azienda guztiak txertatzen Nafarroa Garaiko iparraldeko eskualdeetan.

60.000 abelgorri txertatuko dituzte

Nahiz eta Nafarroako Gobernuak neurria lurralde osoan ezarri nahi zuen, oraingoz, 60.000 abelgorri txertatuko dituzte —Nafarroako guztien erdia inguru—, herrialdearen iparraldeko eskualdeetako mila bat abeltegietakoak.

Nafarroako Gobernuaren arabera, gaitza kutsatzeko arriskua murriztu egin da azken egunetan, Ipar Euskal Herrian, Okzitanian eta Frantzian egiten ari diren txertaketa bizkorrari esker. 

Euskal Herrian oraindik ez da antzeman dermatosi nodular kutsakorrik, baina agerraldiak izan dira Okzitanian, eta han, ehun abelburutik goiti hil dituzte, eta horrek haserrea piztu du laborarien artean, bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun