Biok Taldeak Grimexco Holding erosi du, elikagaien banaketa merkatuan duen hedapena indartzeko

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 31

Biok merkataritza zentroa eta jatetxea Ibardinen

Biok Taldeak iragarri du Grimexco Holding erosi duela, elikaduraren sektorean ibilbide «sendoa» duen sozietate gipuzkoarra. Erosketa honekin, Biok Taldeak nazioarteko dibertsifikazio eta hedapenerako plan estrategikoa sendotu du, bere egituran bi konpainia gehituz: La Finca del Jamón eta Derhel. 

Bere sustraiak Ibardinen dituen taldeak prentsa ohar batean adierazi duenez, eragiketa «urrats erabakigarria» da dibertsifikazio eta hazkunde estrategian, «familiaren esentzia galdu gabe, bidea irekitzen digulako merkatu zabalago eta nazioartekoago» baterantz. 

Azken urteotan Grimexco Holdingek bere aterkipean biltzen zituen «artisau arimako» zenbait enpresa, eta horien artean gourmet produktuetan espezializatutako La Finca del Jamón eta Derhel. Orain, salmentaren harira, «Biok Taldeari lekukoa ematea gastronomian betidanik kultura eta nortasun gisa sinetsi duen talde baten ahaleginari jarraipena emateko modu bat» dela adierazi zuen Aitor Amilibiak, Grimexco Holdingeko zuzendariak.

Biok Taldearen zuzendaritzak, bere aldetik, zera nabarmendu du: «Bat gatoz ongi egindako produktuarekiko pasioarekin eta tokikotik globalera hazteko ikuspegiarekin, hurbiltasuna eta zintzotasuna galdu gabe. Grimexcorekin elikagaien sektorean dugun gaitasuna indartzen dugu, urdaiazpiko, hestebete eta gourmet produktuen segmentuetan balio erantsia ematen duten esperientzia, ezagutza eta markak batuz».

Grimexco Holdingen bezero nagusien artean, banaketa kate handiak ageri dira, hala nola Eroski, Carrefour, Makro eta El Corte Inglés, baita gourmet dendak, urdaitegi espezializatuak eta lurraldeko banatzaileak ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun