Urtea lasterka bukatzeko hainbat hitzordu izanen dira eskualdean

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 29a

Sunbillan laugarren aldiz eginen dute lasterka urtea bukatzeko. Argazkian iazko parte hartzaileak ageri dira.

Urteko azken eguna lasterka eginez bukatzeko aukera izanen da aurten ere eskualdean. Donezteben, Elizondon, Leitzan, Lesakan eta Sunbillan San Silvestre lasterketak antolatu dituzte. 

Lesaka

Lasterketa goiztiarrena Lesakakoa izanen da. 13:00etan eginen dute bertan Bortzirietako Elkartasun San Silvestrea Sarek antolatuta. Irteera eta iritsiera Lesakako Plaza Zaharrean izanen dira eta izen ematea egunean bertan egin beharko da plazan 12:00etatik aitzinera. 

Leitza

Leitzan arratsaldean izanen da hitzordua. 16:30ean 300 metroko lasterketa eginen dute, 16:40ean 600 metrokoa, eta 16:50ean 600 metroko martxa. 17:00etan hasiko dira kilometro bateko, biko, hiruko eta lauko lasterketak. Mozorro xelebreenak saria izanen du. 

Proban parte hartzeko izen ematea bi modutan egin daiteke. Abenduaren 30era arte kiroldegian edo 623 26 65 82 zenbakian eginez gero hiru euro ordaindu beharko dira. Abenduaren 31n, ere egiten ahalko da herriko plazan 15:30etik 16:15era. Kasu horretan bost euro ordaindu beharko dira.

Elizondo

Baztango San Silvestrea ere arratsaldean eginen dute. 17:00etan haurren lasterketa izanen da eta 18:00etan berriz helduena. Lasterketak Foruen plazatik aterako dira. 

Izen ematea dagoeneko irekia dago eta Giltxaurdiko instalazioetan egiten ahal da, haurrek euro baten truke eta helduena hiruren truke. Egunean berean ere egiten ahalko da 17:30ak baino lehen. Kasu horretan haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte eta helduek bortz euro. 

Parte hartzaileek asegurua izanen dute, eta anbulantzia bat ere egonen da. Gainera, hainbat zozketa ere eginen dituzte. 

Doneztebe

Donezteben San Silvestre solidarioa eginen dute bertze urtez batez. Aurten izen ematearekin bildutako diruaren zati bat Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren elkartera bideratuko dute. 

18:00etan, 2014. urtean edo beranduago sortutakoek ibilbideari buelta bat emanen diote eta proba debaldekoa izanen da. Ondotik, helduek 3,5 kilometroko lasterketa eginen dute. Izena emateak bortz euroko prezioa du da eta kirol asegurua barne dago.

Parte hartzaileek izen ematea egunean berean egin dezakete, baina ahal dela aldez aitzinetik egiteko eskatu dute.  Hemen aurkitu daiteke izena emateko bete beharreko galdetegia.  Garaileentzat sariak egonen dira, eta proba nagusian parte hartzen duten guztiek opari bat jasoko dute. Hainbat zozketa ere eginen dituzte.

Sunbilla

Sunbillan laugarren aldiz eginen dute San Silvestre lasterketa asteazken arratsaldean. Haurrentzako eta helduentzako lasterketak izanen dira. 

Haurrak izanen dira lasterka egiten lehenak, eta ondotik helduak. Lasterka egiteaz gain, hainbat zozketa ere eginen dituzte. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun