Aritz Zubiri goizuetarra binakako erremonte txapelketa nagusiko finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 23a

Aritz Zubiri goizuetarra binakako txapelketa nagusiko finalean izanen da, Ansa II.arekin batera.

Ansa II.a eta Aritz Zubiri goizuetarra dira Oriamendik antolatutako binakako erremonte txapelketa nagusiko lehen finalistak. Larunbatean Galarretan jokatutako lehia estuan 2-1 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Larrañagari. Hauek irabazi zuten lehen jokoa (12-15), bigarrena Ansak eta Zubirik irabazi zuten (15-2), baita kitarakoa ere (8-6). Honela, ligaxkako lehen postua eskuratu eta zuzenean urtarrilaren 2ko finalera sailkatu dira irabazleak eta bigarren izan diren Ezkurra II.ak eta Larrañagak, hirugarren izan diren Aldaberen eta Azpirozen kontra jokatuko dute finalerdia larunbat honetan.

Ansa II.arekin lortu du urtarrilaren 2ko finalerako txartela eta Ezkurra II.ak eta Larrañagak, finalerdia jokatu beharko dute Aldaberen eta Azpirozen kontra

Txapelketatik kanpo gelditu dira Aimar Jabalera doneztebarra eta Aritz Juanena saldiastarra, nahiz eta larunbateko azken partida (Barrenetxea aritu zen Juanenearen ordez) 2-1 irabazi Aldaberi eta Azpirozi (15-9, 4-15 eta 8-2).

Abenduaren 27ko jaialdia Galarretan

Aipatu bezala, finalerdietako partida jokatuko dute Ezkurra II.ak eta Larrañagak, Aldaberen eta Azpirozen kontra abenduaren 27an, larunbatean 15:15ean Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Lehen partidan, txapelketatik kanpo, Aimar Jabalera doneztebarra eta Barrenetxea IV.a, Ansa II.aren eta Aritz Zubiriren kontra ariko dira. Hirugarren eta azken partidan, bigarren mailako erremonte txapelketan ariko dira Goikoetxea V.a eta Goikoetxea VI.a, Aiestaran VII.aren eta Aiestaran VI.aren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun