Larunbat honetan Nafarroako Paleta Goma Txapelketako finalak jokatu zituzten Iruñeko Lopez frontoian, eta bertan eskualdeko pilotari ugarik hartu zuten parte, maila ezberdinetan. Horietako batzuk txapeldun izan ziren eta bertzeak txapeldunorde.
Borzgarren mailako finalean, Iruritako Manuel Casillas eta Gartzaingo Jon Maritorena aritu ziren lehian; 25-19 galdu zuten Etxarri Aranatzeko Jabier Beloki eta Xabier Urrestarazuren aurka.
Laugarren mailako finalean, lau baztandar izan ziren kantxan: Elizondoko Aingeru Olabe eta Asier Bertiz, Amaiurko Beñat Etxebere eta Oronozko Txomin Altxuren kontra. Txapelak Amaiur eta Oronozera joan ziren, 25-13ko markagailuarekin.
Hirugarren mailako finalean, Oronozko Mattin Apezetxea eta Narbarteko Egoitz Gamio aritu ziren; 25-19 galdu zuten Iruñeko Eneko Yoldi eta Iguzkizako Roberto Albizuren aurka.
Lehen mailako finalean, Gartzaingo Aritz Elizegi eta Iruñeko Julen Lintzoain izan ziren kantxan. Final estu batean, 25-23ko emaitzarekin galdu zuten Iruñeko Asier Galartza eta Jabier Agirreren aurka.
Azkenik, ohorezko mailako finalean, Narbarteko David Albiasu eta Iruñeko Angel Erburuk osatutako bikotea aritu zen Diego Andueza eta Xabier Legarraren aurka. Albiasuk eta Erburuk eskuratu zuten txapela, 25-19ko emaitzarekin.